Gainean dugu Euskaraldia. Irekiera festa udaletxearen ondoko Zentral aretoan eginen da ortzegunean. Euskararen erabilera sustatzea du xede, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko bai etxean, bai karrikan, bai lantokietan. Aldi berean, lehen aldiz ekimen bat abiarazi da Euskaraldiaren osagarri, herritarrek bultzaturik, Pantailak Euskaraz mugimenduak antolaturik, Pantailaldia, alegia. Izan ere, gaur egun, pantaila da gero eta jende gehiagoren plaza nagusia. Pantailak nonahi daude, etxean, karrikan, lantokietan, denok daramagu bat, eta pantailari darion hizkuntza nagusia erdara da, erdara hori nonahikoa delarik ere. Hortik edaten dugu euskaldunok, helduok nahiz gazte, gaztetxo eta haurrek. Mugimenduaren sustatzaileak buru-belarri ari dira lanean agintariak behingoz ohar daitezen pantailen mundua euskalduntzeak duen garrantziaz. Bide nekosoa gertatzen ari da. Eta are nekosoagoa da gure inguru hurbilean bertze arlo batean dugun ataka. Izan ere, aspaldi honetan, dronak ari dira iristen Iruñerriko udaletara, euskararen aldeko ahalegina dinbi eta danba zartatuta, ele bitako lanpostuak debekatuta eta euskararen merezimendua kenduta. Iruñerriko mapan gero eta gehiago dira udal zartatuak, gorriz baitaude Berriozar eta Berriobeiti gure eskualdearen ipar-mendebaldean; gorriz ere, Antsoain, iparraldean; Atarrabia, ekialdean; orobat, gorriz, Orkoien, mendebaldean, eta Zizur, hegoaldean. Ez dirudi, gainera, dronaldiak atertzera eginen duenik. Udalak babesik gabe daude eta ez dirudi inor ari denik babes hori antolatzen, ez instituzioen artean, ez euskararen aldeko erakundeen artean, egun ez baitago Euskara Elkargoa gisako erakunderik. Horrenbertzez, nork eraikiko du dron erauntsi ikaragarriari taxuz aurre egiteko moduko defentsa juridikoa? Noizko halako Auzialdia, Defentsaldia edo dena delako aldia?