2003. urtean Bi Haizetara euskara taldea jaio zen zangozaldean euskara bultzatzeko asmoz. Orain, bi hamarkada pasa dira, baina taldeak helburu horrekin indartsu jarraitzen du aurrera.

Urtero taldeak hainbat ekintza antolatzen ditu Zangozan, horien artean, ekainaren lehenengo larunbatean ospatzen den Euskararen Eguna. Urteak igaro ahala data garrantzitsua bilakatu da zonaldeko euskaltzaleentzat.

Aurten, 20. urteurrena ospatzeko, Bi Haizetarak erabaki zuen izaera desberdineko ekitaldiak antolatzea. Pasa den hilabetean Fermin Muguruzaren Black is Beltza: Ainhoa pelikula eman zuten eta oraingoan, bereziki gazteei zuzenduta, hainbat musikarien arteko mahai-inguru bat burutu zuten.

Ekintza Zangozako Ikastolan antolatu zen, baina taldeak baieztatu zuen bezala, haien helburua euskara zangozaldeko kaleetara zabaltzea eta arnasgune berriak sortzea da. Baita ere gazteengana iristearen garrantzia azpimarratu zuten: “Gure helburuetako bat da gazteentzat euskara ez izatea ikastola bakarrik, baizik eta zerbait erabilgarria eta positiboa izatea ere”, baieztatu zuten.

MAHAI-INGURUA

Jardueran Nafarroako lau musikarik parte hartu zuten, moderatzailea Ibil Bedi taldeko Ibai Osinaga izan zen eta hizlari moduan Amets Aznarez tronboijolea, Rakel Arbeloa baterijolea eta Endika Iriso Roten XIII-ko abeslaria aritu ziren.

Hizkuntza abiapuntutzat hartuz, artistek baieztatu zuten euskarak pisu handia dauakala beraien musikan: “Ni elebiduna naizenez bi hizkuntzetan konposatzen dut, baina musika euskaraz sortzea konpromezu kontua da”, aipatu zuen Irisok. Aznarez-ek bat egin zuen, berarentzat euskaraz aritzea hautu bat da eta kontuan hartzen du norengana iritsi nahi den.

Baina euskara ez zen izan landutako gai bakarra, tradizioa eta folklorea, prekarizazioa edo genero-ikuspegia bezalako arloak jorratu zituzten ere. Arbeloak eta Aznarezek azaldu zuten nahiz eta pixkanaka-pixkanaka aurrera-pausoak ematen ari diren, oraindik genero desberdintasuna antzematen dela: “Madrilgo jam session batean eszenatokira igotzen banaiz, mila begi gehigo izango ditut emakumea izategatik, isiltasun gehiago nabaritzen da”, azaldu zuen Arbeloak.

Bertara hurbildu ziren pertsonek musikarien bizipen eta iritziak entzuten disfrutatu zuten eta, garrantzitsuena, euskaraz disfrutatu zuten.