Atzo goizean Tafalla, Erriberri, Lodosa, Lizarra, Gares eta Irantzuko mankomunitate eta udalek antolatzen duten Ager Vasconum literatura lehiaketaren seigarren edizioaren sari banaketa ospatu zen Tafallako Kulturgunean.
Nafarroako Gobernuak, Altaffaylla fundazioak eta Elkar argitaletxeak laguntzen duten lehiaketa honen helburua gazteen artean euskarazko literatura sustatzea da, prosa eta poesia formatuetan. Sari ekonomiko zein esker onen bitartez, gazteen motibazioa indartu nahi dute, “euskaraz idazten eta amesten jarrai dezaten”.
Ana Flamarique, Tafallako Euskara teknikariarekin batera, ekitaldia aurkezteko gonbidatu berezi bat bertaratu zen; Leire Martinez Otxoa “La Oreja de Van Gogh” taldeko abeslaria hain zuzen ere. Bere hitzetan, “lehiaketaren ontasuna eta arrakasta kontuan harturik, atzokoa egun handia izan zen nafar literaturarentzat”. Honetaz gain, hizkuntzaren normalizazioaren bidean aurrerapausoak emateko honelako ekimenak funtsezkoak direla azpimarratu zuten aurkezleek, are eta Nafarroako hegoaldean.
Saridunekin hasi baino lehen, antolatzaileek munduko zenbait hizkuntzalariren hitzak gogorarazi zituzten, hala nola Albert Bastardas soziologo katalanaren proposamena: “Ez dezagun egin hizkuntza globalago batean tokiko hizkuntzan egin dezakegun guztia”. Edo Joshua Fishman hizkuntzalari ezagunak egindako gomendioa: “Hizkuntza eta kultura bat datoz beti eta akats handia da bata bestearengandik bereiztea”.
Zinegotzi zein euskara teknikariek sariak banatu zituzten: 50€, 150€ eta 300€ko sariak Elkar argitaletxearen liburu sorta batekin batera. Zuzenean irakurri ziren testu zatietan kalitate eta originaltasun nabaria somatu zen, sentikortasuna eta lexiko aberatsa agerian utziz.
Nerea Del Frago abeslariak ukitu musikala eman zion jardunaldiari bere ahots ederrarekin “Itsasoa gara” (Eñaut Elorrieta), “Udarako gau luzeak”(Vendetta) edo “Laztana”(Latzen) kantak interpretatuz. Amaitzeko, gainera, Leire Martinez abestera animatu zen eta Nerekin parekaturik ETSren “Zurekin batera” abestu zuten ikuslegoaren txalo zaparrada eraginez l
saridunak
l Olerkia. Edurne Zufiaurre Ayerra, Irati Usabarrena, Maitane Lizarraga, Maialen Segura Ibarrola, Markel Sueskun, Unax Indurain Irañeta, Maite Areitioaurtena Aznarez, Naroa Villar San Martin.
l Narrazioa. Iraide Apestegia Bakaikoa, Ura Vergara Aguirre, Ainara Iriarte Zabalza Naroa Sola Ballaz, Arrate Sola Itoiz, Oier Martinez Laboreria, Onintze Arrastia Mauleon, Julene Berrio eskiroz, Julene Flamarique Jimenez.
l Merindadeetako sariak. Uxue Gogorza Aznar, Eneko Azkona, Olaia Martinez Guembé, Ainara Alfaro Ruiz.
LANAK
200
Idazlan aurkeztu ziren osotara aurtengo Ager Vasconum literatura lehiaketan eta 21 pertsona sarituak izan ziren.