2012. urtean Zubietan ospatu zen lehendabiziko edizioaz geroztik, Malerrekako Eguna urteroko hitzordua bihurtu da eskualdeko herritarrentzat. Aurten, Saldiasi egokitu zaio besta hau antolatzea.

Hala, Malerrekako Mankomunitateak egun osorako egitaraua prestatu zuen larunbat honetan ospatu den egun berezi honetarako. Eguraldi ona lagun izan dute egun osoan zehar eta horrek, zalantzarik gabe, herritarren parte hartze eta umore onean eragin du.

Goizetik eman diote hasiera gazteek. Izan ere, 8:30ean abiatuta, Zubietatik Saldiasera mendi martxa egin dute. Hala ere, eguneko harrera ekitaldia ez da 10:30ak arte hasi. Bertan, herrietako ordezkariak elkartu dira eta Saldiasko Udalak herriko 80 urtetik gorako bizilagunak omendu ditu: Fermin Ezkurra Otxandorena, Martin Urrutia Grajirena, María Angelines Nebreda Zazo eta Joxe Mitxeo Baleztena, beste lau falta ziren.

Bestaren hasiera markatu duen ekitaldi honen ondotik, Malerrekako musikariak herrian barna ibili dira giroa alaitzen. 11:00etatik 14:00etara, gainera, artisauen eta talogileen postuetaz gozatzeko aukera izan da. Goizak aurrera egin ahala, Saldiasen bildutako jende kopuruak ere nabarmen egin du gora.

11:00etatik aitzin, Doneztebe, Ituren eta Sunbillako dantzarien saioa eta buruhandien kalejira izan dira. Horretaz gain, aizkora apostua egin dute Jexux Etxeberriak eta Jon Telletxeak Jazinto Etxekonanea eta Manolo Kañamaresen kontra, lehenbizikoak irabazle. Eguerdian, paella jatea baino lehenago, joaldunak herritik ibili dira. Arratsaldean, bestalde, Malerrekako Mus Txapelketako finala jokatu bitartean, Alazne Untxalo eta Maddi Ane Txoperenak bertso saioa eskaini dute. Beranduago, 17:30ean, DJ J&Jk musikaz alaitu du giroa. Aldi berean, haurrek jokoez, tailerrez, meriendaz eta buruhandiez gozatu dute.

Arratsaldeko 20:30ean, zozketa eta mus txapelketako sari banaketaz gain, bestaren lekukoa banatzeko ekitaldia eginen da. Hala, Beintza-Labaieni egokituko zaio heldu den urteko Malerrekako Eguna antolatzea. Azkenik, afari eder batekin eman zioten bukaera egunari.