Síguenos en redes sociales:

Irailaren 20 eta 21ean ospatuko dira bigarrenez Izpegiko bestak

Aurten ere, Izpegiko portua Baigorri eta Baztango herritarren topaleku bilakatu nahi dute

Irailaren 20 eta 21ean ospatuko dira bigarrenez Izpegiko bestakJuan Mari Ondikol

Baztan eta Baigorriko gazteek elkarlanean antolatu dituzte bigarren urtez Izpegiko bestak. Aurtengoan, irailaren 20 eta 21ean ospatuko dira eta horretarako, egitarau oparoa prestatu dute.

Besta hauek nondik eta zergatik sortu ziren argi dute antolatzaileek: “Herria zatitzeko inposatutako mugak urtetik urtera geroz eta gehiago banatzen ari gaituelako batu ginen”. Orain, muga horiekin hausten segitzeko, “asimilazioaren” kontrako mezua aukeratu dute edizio honetan, “asimilazioa baita XXI. mendean estatu zapaltzaileek herri hau zapaltzeko erabiltzen duten tresnarik boteretsuena”.

“Asimilazio” horren adibidea eskuararen egoerarekin azaldu nahi izan zuten aurkezpenean. “Betidanik eskuaraz bizi izan garen herrietan ere erdarak geroz eta eremu gehiago irabazten ari dira: izan harremanetan edo kultur alorrean”, aipatzen zuten.

“Estatus bera ez duten bi hizkuntza, hala balira bezala tratazen ari gara, frantsesa eta gaztelania eskuararen maila berean paratuz, azken hau sustatzeari utziz eta horrela, eskuararen galtzea bulkatuz”, jarraitu zuten. Eta egoera honen aurrean “sareak, loturak, aliantzak eta egitura propioak” aldarrikatu zituzten.

Bertzalde, asimilazioaren “bigarren hanka” errepresioa dela azaldu zuten gazteek. “Atxiloketak, kartzela zigorrak, neurrigabeko isunak, polizia, aurrekari penalak... eskualdunak apaltzeko eguneroko ogia ditugu, hemen eta orain”. Hala, Aroztegiko 7 auzipetuei keinu egin zieten, “eskualdunok erne eta borrokan” jarraitzeko mezuarekin amaitzeko.

Horretarako, hain zuzen, “herria zatitzeko inposatutako mugen gainetik, zubiak eraikitzeko eta saretzeko” prestatutako egitarau azaldu zuten azkenik.

Irailaren 20ean, Asisko Urmeneta eta Dom Campistronen marrazki emanaldia izanen da 20:00etan Bereko Bentan.

Larunbatean, hilaren 21ean, 8:30ean mendi martxa abiatuko da Baigorritik Izpegira. 11:00etan, bizikleta igoera hasiko da Baigorriko Elizako plazatik Izpegiko lepora. Ordu berean, Irri, kantu eta jolas emanaldia eskainiko du Porrotxek Izpegin.

12:00etan zintzur bustitzea izanen da Baigorriko eta Erratzuko gaiteroekin eta Inen da Zeit txarangarekin. Beranduago, 13:00etan, ekitaldi nagusia eginen da 14:00etako bazkari herrikoiaren aitzinetik. Txarangak alaitutako bazkariko txartelak Basaizeako webgunean, Baigorriko Oronoz saltegian, Erratzuko Zubi Punta ostatuan eta Txokoto tabernan erosi daitezke.

17:30ean poteoa eginen da bentetatik Elektrotxorongorekin, 21:00etatik aitzin afari eskaintza Baigorriko Ikastolak antolaturik eta 22:30ean Spartak dementziala, Tatxers eta DJ Úzkúlúzen kontzertuak.