1974. urtean, hogei haur inguru bildu ziren Beran lehen eskolak jasotzeko, Ikastola proiektuari hasiera emanez.
Orain, odutik 50 urte pasa direla ospatzeko, Labiaga Ikastolako kideek urteurrenaren aurkezpen ekitaldia egin zuten joan den larunbatean.Eguraldia lagun, berrehun lagun baino gehiago bildu ziren; oraingo eta lehengo ikasleak, irakasleak, langileak eta gurasoak. Bertan izan ziren, bertzeak bertze, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko ordezkariak, Nafarroako Ikastolen Elkartekoak eta Labiaga Ikastolako aitzindariak izan ziren gurasoak eta irakasleak.
Ekitaldiari hasiera emateko, Clara Rouget ikastolako lehendakariak harrera hitz batzuk egin zituen denei ongietorria eginez eta urteurrenean zehar eginen diren ekitaldiak zerrendatuz: Azaroaren 16an Ruper Ordorikaren kontzertua, urtarrilean oihan baten landaketa, otsailetik aitzinera arte erakusketa kolektiboa, otsailaren 15ean sagardotegira irteera, martxoaren 29an Eleder magoa, maiatzaren 31n Ikastolaren Eguneko bazkaria eta ekainaren 21ean, urteurrena borobiltzeko, Jostaldia Berako plazan, ikasturte osoan zehar prestatuko duten antzerki eta musika emanaldiarekin bukatzeko.
Ondotik, adin desberdinetako dantzariek Ikastolaren historian oinarritutako dantza bat taularatu zuten, aulkiekin eskultura bat osatzen zuten bitartean. Aulkiak, hain zuzen, protagonista izan ziren ekitaldi guztian zehar. Izan ere, Josette Dacosta artista garaztarrarekin batera ikastolako ikasleek zaharberritu eta margotu dituzten 50 kolorezko aulkiak urteurren honen sinbolo bihurtu dira.
Larunbateko ekitaldiaren zatirik hunkigarrienetakoa, aldiz, Ikastolaren hasierako urratsetan lagundu zuten pertsonak oroitu zituztenean etorri zen. Une horretan Pepi Olaetxeak idatzitako eskutitz bat irakurri zuten. Olaetxea ikastolako sortzaileetako bat izateaz gain, lehendakaria ere izan zen hasierako urte haietan eta joan den abuztuan hil baino bi egun lehenago ekitaldi honetarako espreski idatzia utzi zuen gutun hori.
Aurkezpen ekitaldia bukatzeko makil bana oparitu zitzaien ikastolaren ibilbidean urte gehien egin dituzten irakasle, langile eta lehendakariei.
Hala, Berako Labiaga Ikastolak bere 50. urteurreneko ikasturtea abiatu du, “iragana berrituz baina batez ere etorkizunera begira segitzeko asmoz” eta mezu argi batekin: “Baietz bertze 50!”.