Iratiko basoan, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatutako lurraldean, literatura eta natura uztartzen dituen asteburu osoko topaketa interesgarria izango da. Nafar Ateneoak eta Armiarma.eus webguneak, Euskarabidearen laguntzarekin, antolatutako ‘’Euskal Herriko Irakurle taldeen topaketa’ ekimena, literaturzaleen, idazleen eta irakurleen elkarretaratzea bihurtuko da, bertako ondarea eta idazleek sortutako unibertso literarioa ospatuz.

Programa osoa

Larunbatean, goizeko 10etan, Orbaizetako Kultur Olan hasiko da egitaraua, non idazle ospetsuek mahai-inguru batean parte hartuko duten. Katixa Dolhare, Bea Salaberri, Oihane Zuberoa Garmendia eta Josune Aznarez Alkat izanen dira bertan, eta “Literatura eta Bortua” gaiaren inguruan arituko dira.

Mahai-ingurua bukatu ondoren, Gorka Arresek hitzaldi bat emanen du, Itxaro Bordak ‘Bakean utzi arte’ bere lehen nobelaren Amaia Ezpeldoi sortutako detektibeari buruzkoa. Horretaz gain, Eñaut Etxamendi idazlearen lan narratiboari buruzko hitzaldia ere izanen da, Itziar Madina idazlearen eskutik.

Arratsaldean, ‘Hemingway eta Irati’ izeneko ibilbide literarioa eginen da Orbaizetako Olaren inguruan, kasu honetan Josu Jimenez Maiak zuzendua. Oskar Alegria zinemagilearen “Artzainak, gure lehen poetak” filmetako irudiak eta eleak ere proiektatuko dira.

Igande goizean, Eneko Barberenaren eskutik Iratiko basoan mendi-ibilbide bat eginen da, ‘Suak erreko ez balu’ bere liburuaren inguruan, Azalegiko gain eta Orionen barna. Ondoren, zikiroa jateko aukera izanen da artzain etxola batean,baita ‘Musika eta poesia’ saio bat ere Harpean (Ezterenzubin), Itxaro Bordak eta IbonRG-k bideraturik.

Egitarauaren bukaeran, ‘Maiatz’ aldizkariari eta Luciene Etxezarreta bertako zuzendariari omenaldi bat egingo zaio, 40 urtez bertako zuzendari izandakoari, Nafarroako idazleen sorkuntzaren alde egindako lanagatik.

Izena emateko

Ekimen honen helburua idazle, irakurle, literaturzale eta naturaz gozatzen duten pertsona guztiek parte hartu ahal izaten dute. Asteburuko topaketa honetan parte hartu ahal izateko, izena eman beharko da euskera@ateneonavarro.com helbidearen bidez.