Horra hor Iruñeko udal gobernu taldeak duen korapilo nagusietako bat, afera gaitza, zalantzarik gabe. Ez da oraingoa, ezta legealdi honetakoa ere, aspalditik heldu da, egungo udal agintariek ez dute sortu, baina oposizioan zirenean, zenbaitek direnak eta ez direnak agindu zituzten, arazo nahasi hori zirt-zart moldatuko zutelakoan behin agintera iritsita. Ez da horrela gertatu, ordea, gogotik saiatzen ari diren arren. Bazter haiek guztiak, lehenago, alor emankorrak ziren, zelai garitsuak, Sarriguren eta Errekaldea errekek gurutzatuak, Erripagaña deritzon bizkar gaina beti zut eta gora zegoela.
1991n, Nafarroako Gobernuak udalez gaindiko plan sektoriala onetsi zuen lur haietan lantegiak eta zerbitzuak paratzeko. 2004an, plan hura berrikusi eta etxebizitzak eraikitzea erabaki zen, jakinik ere lursailak lau udalerriren artean banatuak zeudela (Iruñea, Burlata, Eguesibar eta Uharte). Erran gabe doa eskuindarrak zirela agintean mende hasieran. Bada, plan hura da egungo matazaren hasiera, etxeak montioka egiten hasi baitziren herritarrendako zerbitzuak zehaztu gabe: zer, zenbat, non eta nork ordaindu. Hori guztia lau udal horien artean moldatu behar dute. EH Bilduk hirutan ditu alkatetzak, eta eskuindarren eskuetan dago Eguesibar. Baina, horrez gain, udalerri bakoitzak bere interesak ditu. Orain, inkesta zabal eta sakon bat egitea onetsi dute Iruñeak, Burlatak eta Uhartek, bizilagunen egiazko iritziak jakiteko.
Eguesibar ere inkesta egitearen aldekoa zen, baina atzera egin du, alkate andrearen hiriburuko alderdikideek presionaturik. Izan ere, eskuindarrak konponbide guztiak trabatzen ari dira, dena atzeratzen, bizilagunen zentzuzko haserreari probetxu politikoa atera nahian, afera are gehiago usteltzen uzteak Iruñeko, Burlatako eta Uharteko udal aginte taldeak higatuko dituelakoan.