Jasangaitza
Horrelakoa da egoera. Harritzekoa da atakaren tamalgarria hedabideetan zabaldu ez izana. 2023an hasi zen dena, harrezkeroztik ez da giro, gauzak gero eta okerrago. Eta ondorioz, langileen ezinegon nabaria, eta bi bide, aukeran: men egin, isildu eta denetarikoak jasan behar izatea edota alde egitea edo baja hartzea. Alkate berria iritsi zenean hasi ziren gauzak okertzen, eta oraindik ez da jaio halakorik pairatuko duen amaren semerik.
Alkatea itxuraz, azalez, jatorra da, zabala, jarreraz irekia… Mamiz, ordea, arras bertzelakoa. Herriko haur euskaldunak pribilegiatu hutsak direla erran zuen harako hura da, haur horiek euskarazko eta erdarazko ludotekara joan daitezkeelako, eta haur erdaldunak, aldiz, erdarazkora baizik ez. Oraindik ere, udal lanpostu batzuek euskara eskakizuna dutenez, nahiago du lanpostu horiek bete gabe uztea, langile euskalduna sartzea baino. Horrek kalte nabarmena eragin die udal zerbitzu batzuei, herritar guztien kaltetan, dela berdintasunaren arloan, dela gizarte zerbitzuetan, dela bertze arlo batzuetan. Udaleko euskara batzordea, bertzalde, behin bakarrik bildu da azken urte honetan, zertarako-eta Korrikari dirulaguntza kentzeko.
Udal aldizkariaren azken alea erdara hutsez atera da, euskarazko atalak ezabatuta. Horrelako giroa izanik, ez da batere harritzekoa euskara teknikaririk joan nahi ez izatea udal horretara. Alkateak bere alderdiaren babesa du, baita haur euskaldunei buruzko hitz haiek erran zituenean ere, herri berean bizi den alderdikide batek erabateko babesa adierazi baitzion. Alderdikide hori ez da nornahi, Foru Gobernuko lehendakariorde berria baizik. Horra Orkoiengo Udala, atzerabide izugarrian, sozialisten, eskuindarren eta ezkertiar baten eskutik, hau da, zenbaitek hurrengo foru legealdirako amesten duten gehiengoa. Remirezek ere bai?
