gartzain - Azken urteetan ohikoa den Haziaren eguna aurten Gartzainen eginen dute. Hitzordua larunbatean, martxoaren 9an izanen da. Aurtengo hitzordua Gartzaingo Ezkaldo elkarteak, Gar-tzaingo herriak eta Hazitik Hoziek elkarteak antolatu dute.

Egitarauari buruz, goizeko 10.30ean herriko frontoian hazien trukea eginen dute eta, horretarako mahaiak paratuko dituzte. Ondotik, 12.00etan Jakoba Errekondoren mintzaldia izanen da, Ezkaldo elkartean.

Orain arte Zigan, Lekarozen, Erratzun, Oronozen eta Elizondon egin izan dute Haziaren eguna. Helburua hazien garrantziari buruzko kezka piztea da, haziei buruzko ezagutza ez galtzea eta belaunaldi batetik bertzera transmititzea. Azkeneko aldietan bezala, aurtengo hitzordua Baztango agroekologia eskola herritarraren egitarauaren barnean gauzatuko da. Agroekologia eskola herritarrari dagokionez, aipatu, apirilaren 12an transgenikoei buruzko solasaldia antolatu duela Hazitik Hoziek. Horretarako Joserra Olarieta Lleidako Unibertsitateko irakaslea eta “Transgénicos, ¿de verdad son seguros y necesarios? liburuaren egilea gonbidatuko dute. Mintzaldia Arizkunenea kultur etxean izanen da. - F.A.G.