lesaka. Bortzirietako Emakumeen Mendi Itzuliak hamargarren edizioa bete zuen igandean Lesakan eta adin guztietako ehun bat emakumek hartu zuten parte. Euri-langarrari aurre egin eta plazatik abiatu ziren igande goizean, Frainerako bidean. Hiru ordu pasatxoko ibilaldia egin ondotik, berriz ere plazara itzuli ziren eta Berdintasuna gizarte osoari mesede egiten dion giza eskubidea da zioen pankarta hedatu zuten, trikitixa eta pandero doinuekin dantzatzen hasi baino lehen. Datorren urteko hamekagarren mendi itzulia antolatzeko lekukoa Lesakako Nati Martikorenak eman zion Igantziko Joxepa Etxeberriari. Ondotik, 30 bat emakumek Kasinoan bazkaldu zuten, giro ederrean. Argazkiak: Aitor Arotzena