elizondo - Baztango BKT eskubaloi talde seniorrak heldu den astean denboraldi zoragarri bat borobiltzeko aukera izanen du. Nafarroako liga erregularra Malkaitz talde sendoaren gibeletik bukatu ondotik, lauko finala jokatzeko txartela irabazi zuen, baina ezustean, finalerdietan Atarrabiako Beti Onak taldeak kanporatu zuen. Gerora, kopan ere finalerdietan agur erran behar izan zion txapelketa horri, Loyola talde sendoaren aurka galduta. Aurtengo denboraldiak gozotik gazitik baino aunitzez gehiago izan arren, bazirudien aho zapore garratzarekin bukatuko zutela sasoia, baina azkenean, ez da hala izanen. Izan ere, heldu den asteburuan, maiatzaren 10etik 12ra bitartean, Gavan (Bartzelonan), lehen mailarako igoera fasea jokatuko dute baztandarrek. Sari bikaina denboraldi zoragarri bat borobiltzeko. Aurkari gogorrak izanen dituzten arren, Handbol Gava, Balonmano Ágreda eta Ribera Alta L’Alcudia, disfruta-tzeko aukera gisa hartuko dute lehia baztandarrek.

Igoera faseak dakartzan gastuei aitzin egiteko diru bilketa kanpaina bat martxan jarri dute. Batetik, Baztango hainbat ostatuan eltzeitsuak jarri dituzte, jendeak bere ekarpena egiteko, eta bertzetik, Javier Garderen laguntza ere izan dute, bihar Elizondoko Lur aretoan jaialdi berezi bat antola-tzeko. 23.00etan Jaione Arnalen eskutik, Zunba egiteko aukera izanen da bertan, 01.00etatik aitzinera, TirriErdy disko jartzaileak musika jarriko du eta 03.00etatik aitzinera sorpresak izanen dira. Horrez gain, gau osoan zehar, denboraldi osoko argazkiak proiektatuko dituzte. Lur aretoko sarreren salmentatik bildutako dirua igoera faseko bidaia ordaintzeko erabiliko da.

KOPAKO FINALAK Eskubaloiaren besta borobiltzeko, bihar Elizondon Nafarroako senior mailako gizon eta emakumezkoen kopa txapelketetako finalak jokatuko dira. 17.00etan gizonezkoen finalean Erreka eta Canto-lagua lehiatuko dira eta 19.00etan emakumezkoen finala jokatuko dute Loyola eta Beti Onak taldeek. Arratsaldean ere giro bikaina espero da.