LESAKA - Ekitaldiz betea ospatzen ari da Beti Gazteren Astea. Joan den asteburuko solasaldia eta argazki rallyaren ondotik, asteburu honetan eginen dira ekitaldi gehienak: solasaldia, sari banaketak, dantzak, mendi irteerak, futbola, herri-kirolak, bazkaria, eta dena borobiltzeko, igandeko margo lehiaketa azkarra.

Ortzegunean 18.30ean, Nutrizioa kirolean solasaldia antolatu dute udalaren erabilera anitzeko aretoan (Koskontako bidea 7, 2.). Javier Garcia izanen da hizlari.

Ortziralean 17.30ean Ezagutu dezagun Lesaka lehiaketako sariak banatuko dituzte egoitzan eta 19.30ean Beti Gazteko Lerro Dantza Taldeak emanaldia eskainiko du Plaza Zaharrean.

Larunbatean 08.00etan mendi irteera abiatuko da plazatik eta hamaiketakoa izanen dute. 09.30ean Beti Gazte Lasterka taldearen irteera irekia, ekainaren 15ean antolatu duten lehen mendi lasterketaren ibilbidea ezagutzeko. Aipatzekoa da lasterketa honetarako izen-ematea zabalik dagoela, www.herrikrosa.eus webgunean. 11.00etan Beti Gazteko emakumeek ligako azken partida jokatuko dute Mastegin. 12.00etan herri-kirol desafio izanen dute Plaza Zaharrean eta poteo musikatua Elutxa txarangarekin. 14.00etan bazkaria izanen dute Koxkontan. Bazkarirako txartelak 30 eurotan (12 euro fitxa duten futbolari eta tiralariek) salgai daude Koxkilla, Zialdo, Arrano eta Etxeberria ostatuetan eta bihar izanen da erosteko azken eguna. 19.00etan Muxikoak eta dantzaldia izanen dira Plaza Zaharrean Jeiki Hadi taldearekin.

margoketa azkarra Igandean, azkenik, Elias Garralda zenaren omenez VII. Margo lehiaketa azkarra eginen dute goizean eta sari banaketa 18.00etan. Lesakako herrigunea izanen dute margotzeko gaia. Lehenbiziko saria 600 eurokoa izanen da, bigarrena 350 eurokoa eta 150 euro lesakar onenarentzat. Haurren Margoketa Eguna ere igande goizean izanen da, 11.00etatik 13.00etara eta hauek ere sariak izanen dituzte. - A.A.A.