elizondo - Oiz eta Doneztebe B taldeek jokatuko dute heldu den larunbatean, Iruritako plazan, aurtengo Baztan-Errekako Gazteen Laxoa Txapelketako finala. Pasa den larunbatean Doneztebeko Bear Zana plazan jokatu ziren finalerdietako itzulera partiduak, eta Malerrekako bi taldeek lortu zituzten jokoan zeuden finalerako bi txartelak. Doneztebe Bk (David Mitxeo, Urko Oiarzabal, Erik Garcia eta Eneko Maylin), 6-7 galdu zuen larunbatean Irurita B (Jon Sagaseta, Hodei Aleman, Aritz Vicondo eta Julen Urreaga) taldearen aurka, baina joanekoan 5-7 irabazi zuenez, joko batengatik sailkatu da finalerako.

Bertze finalerdian desoreka handiagoa izan zen, Oizko taldeak (Xuban Ilarregi, Mikel Mikelarena, Aimar Ariztegi eta Uxue Ilarregi) 1-7 irabazi zion itzulera partiduan Doneztebe C (Oier Apezetxea, Markel Jabalera, Ander Ruiz eta Julen Pikabea) taldeari, eta joanekoan ere 7-5 nagusitu ziren oiztarrak.

Beraz, larunbatean, 17.30ean, Iruritan, txapelen lehían arituko dira Oiz eta Doneztebe B. Aitzinetik, 16.00etan, 3. eta 4. posturako partiduan jokatuko dute Irurita B eta Doneztebe Ck.

Aipatu behar da, gazteen txapelketan, ligaxkako eta finalerdietako partiduak 7 jokotara jokatzen direla, finala, aldiz, 9 jokotara. - F.A.G.