etxalar - Larrialdi kasuetan medikuak, suhiltzaileak eta orohar zerbitzu publikoak baserrietara ahalik eta lasterren ailegatzeko arras garrantzitsua da Helpbidea proiektua. Nafarroako Gobernua, tokian tokiko udalen laguntzarekin, lurralde osora zabaltzen ari den egitasmoa da eta, dagoenekoz, hainbat herritan indarrean jarria dute. Gure inguruan aitzindari dira Leitza, Areso, Goizueta, Arano eta Zubieta. Etxalarren gaur arratsaldeko 5etan azalduko dituzte egitasmoaren xehetasunak Kultur Etxean eta Etxalarko udalak bereziki baserri auzoetan bizi diren herritarrei batzarrera joateko eskaera egin die.

Baserrien identifikazioa Izan ere, jendeari egitasmoaren nondik norakoak azaltzeaz gain, baserri bakoitzak izanen duen Helpbidea identifikazio plakak banatuko dituzte asteazken arratsaldean. Baserri bakoitzak bere plaka du, zenbaki bat idatzia duen identifikazio plaka, eta batzarrera joanen direnei euren baserriari dagokiona emanen diote hantxe bertan. Plaka hori baserriko atarian jarri beharko du etxejabeak eta noizbait larrialdi kasu bat gertatuz gero etxean, plakan dagoen zenbakia adierazi beharko da 112ra deitzen denean.

Helpbideak hainbat elementu konbinatzen ditu: baserriei emanen zaizkien identifikazio zenbakiak (plakak), baserri bakoitzaren GPS lokalizazioa errazten duen aplikazio informatikoa (larrialdi zerbi-tzuek erabiliko duten aplikazioa) eta auzo sarreretan jarriko dituzten metro-baserri panelak baserrien mapa erakutsiz. Horrela, larrialdi kasuetan etxe bakoitza modu azkar eta errazean lokalizatu ahal izanen dute medikuek edo suhiltzaileek eta orain arte izaten ziren hankasar-tzeak eta atzerapenak saihestuko dira. Baserriaren Nortasun Agiriaren antzeko honekin, zerbitzu publikoen datu baseak eguneratuak eta koordinatuak egongo dira eta larrialdietara 112ra deitzerakoan Helpbidea-kodigoa emanez gero, berehala inongo zalantzarik gabe argituko dute nondik deitzen den.

Nafarroako Gobernua (Suhiltzaileak, Osasun Saila, Foruzaingoa, Babes Zibila eta Informatika) eta Tracasa enpresa publikoarekin elkarlanean aritu dira sakabanatutako etxebizitza hauek lokalizatzeko modu egoki baten bila. Horrela ondorioztatu dute, modurik onena, etxebizitza bakoitzarentzat Helpbidea izeneko identifikatzailea erabiltzea dela, denborarekin aldatzen ez dena.

Udalak bere aldetik, lehendik zegoen mapa zuzendu eta Etxalarko baserrien mapa berria prestatu du eta, modu berean, laster auzo sarreretan jarriko diren panelak ere prest izanen ditu.