elizondo - Ilbeltza, urteko lehenbiziko hilabetea iluna izan ohi da. Negu bete-betean, egunaren iluntasunak har-tzen du protagonismoa, urteak aitzinetik dituen hamabi hilabeteetako egunerokotasunaren martxa hartzeko nagikeria mantxo-mantxo gainetik kentzeko ahalegina irudikatuz. Dena den, azken urteetan Baztanen iluntasuna zipriztintzen dihardu (H)ilbeltzak. Euskal Nobela Beltzaren Asteak, bere belztasunean, kolorez zirrimarratzen ditu Baztango herri eta xokoak. (H)ilbeltza elkartearen ekimenez, pasa den astelehenetik igandera bitartean nobela beltza ardatz hartuta, era askotariko ekitaldiek hornitu dute VI. Euskal Nobela Beltzaren Astea. Nobela edo eleberriez gain, zinema, poesia, mahai inguru, solasaldi, jolas eta otorduen bueltan dantzatu dira Euskal Herri osotik Baztanera etorritako nobela beltzaren zaletuak.Dagoeneko errotutako ekimena dugu hau, eta nahiz eta burutzen diren ekitaldiak ez diren masiboak, bere publikoa lortu du, eta gero eta gehiago dira parte hartzera animatzen direnak, behin probatuta, gainera, errepikatzen dutenak. Aurten ere sumatu da hori. Bi zatitan bana genezake Euskal Noblea Beltzaren astea, batetik, astean zehar antolatutako ekitaldiak, eta bertzetik asteburukoak. Azken edizio honetan, beti bezala, astelehenean ekin zioten egitarauari, Idazleekin Solasean ekimenarekin. Iruritako Gure Kaiola elkartean goxo-goxo egoteko aukera izan zuten bertaratutakoek, Fernando Rey itzultzaileak Horace McCoy idazlearen Hobe nuen etxean gelditu liburuari buruz eskainitako solasaldian. Xabier Olarrak lagundu zuen eta bien bizipen eta esperientziek hornitu zuten ilunabarra, merendu baten laguntzaz. Asteazkenean, berriz, Anizko elkartean izan zen hitzordua, Amaia Elizaldek Jon Miranderi buruzkoak izan zituen hizpide, beti ere, idazlearen atal beltzari buruzko azalpenak partekatuz. Kasu honetan ere jan edanik ez zen falta izan. Bi hitzordu hauek familia giroan izan ziren, multzo ttikiko formatuan, elkar ezagutu eta elkarren solas, kezka eta pozak elkarbanatzeko baliagarriak.

Hurrengo hitzorduak asteburura begirakoak izan ziren, ortziraletik igandera bitartean kontzentratzen dira Euskal Noblea Beltzaren Asteko ekimen gehienak, eta horiek dira ere, jende gehien biltzen dutenak. Gero eta gehiago dira asteburu osoa pasatzera Baztanera etortzen direnak, eta ekitaldi guztietan parte har-tzen dutenak.

Ortziralean, zinemarekin uztartu zuten nobela, Arizkunenean Begoña del Teso zinema adituak lepo beteriko aretoan Quentin Tarantinoren mesanotxeko liburuak izeneko solasaldia adi-adi jarraitu zuten.

Larunbata izan ohi da egun beteena, eta aurten ere hala izan da. Goizean ederki frogatuta gelditu zen aunitzetan errealitateak fikzioa gaindi-tzen duenaren errana. Mundua Iturendik pasatu zenekoa izenburupean mahai inguru bat izan zen, bertan, 60ko hamarkadan Iturenen bizitako gertakari bat gogora ekarri zuten Jon Alonso, Maribi Elizalde eta Eneko Bidegainek. Nonbait, emakume bat hil eta lurperatzera zihoazenean, ezezagunak iren bi gorpu aurkitu zituzten. Ez zen argitu hilotz horiek norenak ziren, baina garai hartan bahitu eta hil zuten Ben Barka politikari marokoarra eta bere lagun baten gorpuak izan zitezkeenaren zalantzak barreiatu zen han eta hemen. Argitu gabeko kasu hori nobela beltzarekin lotu zuten aipaturiko solasaldi interesgarri zein harrigarrian.

Goizekoaren ondotik (H)ilbeltza Erratzura mugitu zen, Etxelebert elkartean bazkaldu eta ondotik izan ziren liburu aurkezpenetarako. Alfontso Gartziandiak Itsu kolpeka liburua aurkeztuko zuen, eta gero, Josu Barambonesek, II. (H)ilbeltza bekaren irabazleak, Patricia Highsmithen The Blunderer liburuaren itzulpena den, eta argitaratu berria den Lardaska izenekoa. Bazkal ondorengoa giro goxoan iragan zen, eguneko azken hitzorduaren ai-tzinetik. Eguna borobiltzeko, izan ere, ohiko den bertze ekimen bat burutu baitzuten, Susmagarrien gaua, taldeka eta herrian barna egiten den jolas parte hartzaile beltza.

Aste beltza bukatzeko, igande goizean, eguraldi onak lagunduta Amaiurko inguruko parajeetan Itzuli Beltza osatu zuten, beharbada asteko ekitaldi jendetsuenean. Kontrabandisten Eleak izenburupean, ibilaldi eder baten bueltan kontrabandoari buruzko azalpenak eman zituzten, bi aktorek lagunduta. Baztanen hamarkadetan izandako kontrabandoari buruzkoak izan zituzten hizpide, errealitatea eta antzerkia uztartuz.

Asteko azken ekitaldia Arizkunenean burutu zen igande ilunabarrean. Jon Alonso eta Amaia Apalauzak nobela beltzak idatzi zituzten hainbat idazleren olerki ba-tzuk euskaratu zituzten, eta (H)ilbeltza elkarteko kideek, musikarien laguntzaz errezitatu zituzten. Gainera, Jon Barberena baztandar poeta ere gogoan izan zuten, bere poema bat ere ekarriz.

Ekitaldi hauez gain, Arizkunenean, bi astez ikusgai izan da Begoña Durruty ilustra-tzaile arizkundarrak prestatutako Bereterretxeren kanthoria erakusketa. Mikel Laboa Katedraren enkarguz osatutako animazio-filma, eta gerora argitaratutako izen bereko komikia osatzeko egindako lana erakutsi zuen erakusketa ederrean.

(H)ilbeltzako kideak nekatuta baina kontent ziren akabailan. Heldu den urtean ikusiko da Euskal Nobela Beltzaren Astearen VII. Edizioak zer dakarren. Gauza bat aitzina dezakegu, Miren Gorrotxategi idazleak bere liburu berria aurkeztuko duela, izan ere, Gorrotxategik jaso zuen duela hilabete batzuk III. (H)ilbeltza beka, eta hurrengo edizioan aurkeztu beharko du bekari esker idazten ariko den liburua.