Baztango Udalak Gai organikoaren kudeaketa planaren balantze positiboa egin duGai organikoaren kudeaketa planaren, aurreikusia zegoen biurtekoa iraganda. Miren Meoki udaleko Hondakin Teknikariak adierazi duenez 2018-2020 aldirako hainbat lan ildo markatu ziren, denak gai organikoaren kudeaketa hobetzeko eta Nafarroako Hondakinen Planak eta Hondakinen Foru Legeak markaturiko helburuak betetzeko asmoarekin, eta 2020ean ez ohiko jarrerak izan diren arren "bi urte hauetan egindako lanaren balantzea positiboa izan da".

Meokik azaldutakoaren arabera, "2019an gai organikoaren sortzaile bereiziekin egin zen lanketa". Sortzaile bereziak gai organikoa kopuru handietan sortzen duten establezimenduak dira, jatetxe, ostatu, supermerkatu, zahar etxe, arrandegi, harategi, e.a.. Langile bat Baztango sortzaile berezi guztiak bisitatu eta hauei planaren berri ematen aritu zen, gai organikoa zein bertze hondakinen bereiztearen garrantzia azalduz eta erraztasunak eta beharrezko materialak eman zitzaizkien beren establezimenduetan sorturiko hondakin organikoak ere bereizten hasteko konpromisoa eskatuz. Gaineratu duenez "hauetako gehienei, gaur egun, hondakin organikoak edukiontzi bidez biltzen zaizkie, bilketako kamioia astean hiru aldiz pasatzen delarik establezimendu hauetatik". Planaren baitan hondakin anitz sortzen dituzten establezimenduetan bisitak egin eta akonpainamendua egiteaz gain, sustapeneko bideo bat ere egin zen, eta establezimendu hauek bereizteko pegatina batzuk banatu ziren.

2020an, berriz, "etxe eta auzo konposta sistema indartzen ahalegindu da Baztango Udala". Bide horretan, auzoetako konpostaguneak egokitu eta bertze hainbat konpostagune berri egin dituzte. Ekonomia zirkularra bultzatzeko asmoarekin edukiontzi birziklatuarekin egindako etxolak paratu dira. Instalazio berri hauei esker, "zabor organikoa konposta bidez kudeatzeko aukera Baztango populazioaren %100era zabaltzea lortu da". Behin behinean, Azpilkueta da kanpoan gelditu den herri bakarra, zabalkuntza egin zenean, herrian saneamendu lanak egiten ari zirelako. Honetaz gain, etxean beren zabor organikoa kudeatu nahi dutenek, etxeko konpost-ontziak udaletxean doan eskatzeko aukera izaten segitzen dute eta hala izanen da etorkizunean ere. Hartara, "Nafarroako Hondakinen Foru Legeak 2022rako bete beharreko helburua betetzea lortu dugu, hain zuzen ere, gai organikoaren %100eko hedapena egitea". Era berean, Elizondoko eta Iruritako hainbat auzotako barrideei zabor organikoa edukiontzi marroiaren bidez kudeatzeko aukera eman zaie.

Azkenik, errefusaren edukiontzietako tapak mugatzen hasiak dira, izan ere, "errefusa edukiontzietan bildu beharko genituzkeen hondakinak arras guti izan beharko ziren eta, bide horretan, edukiontzien ahoa mugatuz, bertan traste handiak botatzea saihesten dugu". Honen harira, oroitarazi du 2018az geroztik zabortegira bideratzen diren hondakin tona bakoitzeko penalizazio bat ordaintzen duela udalak eta honek errefusaren kantitatea murriztearen garrantzia gehiago indartzen duela. Oro har pausu handiak eman direla nabarmendu du Meokik, "bide onetik goazela erraten ahal dugu baina oraindik lan anitz dugu egiteko".

Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 2019an Baztango etxeetako eta komertzioetako hondakinen % 49a bereizita bildu zen. Gainera, berrerabiltzeko prestatu eta birziklaturiko portzentajea % 65,8koa izan zen. Honen arabera, 2020rako planteaturiko helburuak bete ditu udalak, izan ere, 2020ko helburua %50ekoa zen.

Zabor organikoari dagokionez, helburua betetzetik hurbil dago, iaz Baztango bio-hondakinen % 45 balioztatzea lortu zuten, legeak % 50a eskatzen duelarik.