Euskal Herriko Ikastolek (EHI) proiektu berri bat jarri dute martxan aurten, Komiki Lehiaketa bat antolatuze. Lehenbiziko edizio honetako gaia Amaiurko gazteluaren setioa izanen da. Heldu den urtean beteko dira 500 urte Gaztela eta Aragoiko armadek Amaiurko gaztelua setiatu zutenetik eta honela buaktu zen Henrike II.a Nafarroakoaren aldekoek egindako hirugarren saiakera 1512ko konkistaren ondotik. Gertakari hura gogoan, komiki lehiaketara aurkezten diren lanek 1522ko uztailaren 15etik 19ra bitartean gertatutakoak bildu beharko dituzte.

EHItik azaldu dutenez, lehiaketa irekia izanen da 14 eta 16 urte bitarteko gazte guztiendako, ez da zertan ikastolako ikaslea izan behar. Teknika ere librea izanen da eta lanak PDF formatuan aurkeztu beharko dira. Lanak euskaraz idatziko dira eta gehienez, komikiaren azala barne, bortz orrialdetako luzera izanen dute. Lanak lehiaketara aurkezteko ehikomikilehiaketa@ikastola.eus helbidera bidali behar dira. Lanak aurkezteko azken eguna apirilaren 30a izanen da.

Epaimahaiak bidalitako komiki guztien artean onena zein den erabakiko du, eta saritutako komikia Xabiroi komiki aldizkariaren 2021eko urriko zenbakian argitaratuko da. Parte-hartzaile guztien artean hainbat sari zozketatuko dira: hiru tablet, Xabiroi aldizkariaren urteko hamar harpidetza eta Xabiroi bildumak (hiru bildumako bortz sorta).