Azken urteetan ohikoa den bezala, Baztango Udalak, hondakinen sailaren bitartez, bailarako artzainen artilea jasoko du Artaxoako tratamendu-instalaziora eramateko. Bertan artilea tratatuko dute, konpost bihurtzeko. Udaberriro, artzainek ardiei ilea mozten diete eta azken urteetan, artile hori arazo bihurtua zen artzainendako. Garai batean, artile horrek onurak ekartzen zituen, erabilera ugari zituelako, koltxoiak betetzetik hasi edota beroki batzuk egiteko mataza bihurtzeraino, dena den, erabilera horiek ia ahaztuta gelditu dira teknologia berriekin. Horrela, merkatuan eskari handia zuen lehengaia ia inork eskatzen ez duen produktu bihurtu da. Gaur egun, onuragarria izatetik urrun, zama bat da artzainendako, ez baitakite artilearen bolumen handia nola kudeatu eta bere kudeaketa arras garestia delako. Aitzineko legealdian, egoera aztertu eta artzainekin hitz egin ondoren, Baztango Udalak bailarako artzainen artilea bildu eta bere kudeaketaren kostuak bere gain hartzea erabaki zuen.

Neurriak arras harrera ona izan du azken urteetan, Miren Meoki Baztango hondakin teknikariak emandako datuen arabera, urtero 130 artzain inguruk erabiltzen dute zerbitzu hau eta 50 tona ardi artile biltzen dira.

Aurten, aldaketa bat izanen da bilketan. Orain arte, zerbitzuan interesa zuten artzainek zenbat ardiren artilea aso behar zen jakinarazi behar zioten Udalari, eta egun jakin batean adostutako puntu batean utzi behar zuten. Aurten, artzain bakoitzak artilea Oronozko Askapeko plantara eraman beharko du. Urte osoan zehar eraman ahal izanen dute artilea artzainek, norberak nahi duenean. Zerbitzua doakoa izanen da artzainendako, Udalak ordainduko baititu kdeaketa gastu giztiak.