Iaz konfinamendua zela eta alde batera gelditu bazen ere, aurten berriz ere ospatu dute Liburuaren Eguna Anizen. Aurtengo 3. edizio hau antolatzeko herriko alkateak haurrekin bilera bat egin zuen, eta bilera hartan erabaki zuten denen artean istorio bat idatziko zutela. Honela, batek hasiera eman eta gainerakoek segida emanez osatu zuten ipuina, akabaila heldu batek idatzi zuelarik. Bera izan zen gero frontoian osorik irakurri zuena. Ondotik, mural gisako bat egin zuten haur eta helduek, ipuinak sorrarazi zien edozein irudi marraztuz.