Zuzenbidean, heldu den igandean, uztailaren 18an, milaka lagun hurbilduko ziren Elizondora Baztandarren Biltzarra bestarekin gozatzera. Baserritar jantziak, orga desfilea, bazkari erraldoia, dantzaldia, oro har, giro ederrak hartuko lituzke karrikak. Dena den, bigarren urtez jarraian, osasun egoerak eraginda, ez da halakorik izanen, Baztandarren Biltzarra elkarteak ohar bidez jakinarazi duenez, aurten ere ezinezkoa da ohiko Baztandarren Biltzarra besta ospatzea eta "egoera hobetzen ari bada ere, baztandarron besta, euskararen besta ospatzeko, heldu den urtera arte itxaron beharko dugu".

Dena den, iaz bezala, aurten ere bailarako herritar guztien bilgunea izaten den bestaren seinalerik ez da faltako igandean. Izan ere, 11.00etan, urtero orgen desfilea izaten den orduan, Baztango 15 herrietan karrika animazioaren bidez Baztandarren Biltzarraren esentzia sumatuko dela iragarri du elkarteak.

Bide beretik, Baztandarren Biltzarra elkarteak urtero beren prestutasuna erakutsi duten Baztango txistulari, trikitilari, gaitero, akordeoilari, oro har musikari guztiak eskertu nahi izan ditu baldintzarik gabe eta borondate osoz, beti beren babesa eta lana eskaintzeagatik. Azkenik, igandeko egunari kolore gehiago emateko, herritarrak ere baserritarrez janztera eta etxeetako balkoiak apaintzera animatu nahi dituzte.

Elkartetik, Baztandarren Biltzarra besta bat baino aunitz gehiago dela azpimarratu dute, gibeletik duen lan guztia betetzeko boluntarioz beteriko familia bat bezalakoa ikusten dute eta, aurten bestarik izanen ez bada ere, elkarteak lanean segitzen omen du. Bide horretan, deia egiten diote herritar orori, elkartearen ateak zabalik daudela, hurbildu, ikusi, gozatu edota lagundu nahi duen edozeinendako.