Iruritako Dantzariek, Elizondoko Abesbatza Ttikiarekin elkarlanean prestaturiko Terra izeneko ikuskizun zoragarriaz gozatzeko aukera izan zen pasa den ortziralean Lekarozko kiroldegian. Iaz egindako Izarrak ikuskizun xarmangarriaren arrakastaren ondotik, aurten Terra ikuskizuna prestatu dute bi taldeek elkarlanean eta 100 lagun inguruk hartu dute parte bertan. Gaurko garaira egokitutako euskal dantza eta musika berritzaileak protagonista izan ziren ortziraleko emanaldi bikoitzean.

Hilabeteetako lanaren emaitza ekainaren 25 eta 26an plazaratu behar zuten Iruritako Laxoa plazan, baina eguraldiaren ondorioz, ekainaren 25ean lehenbiziko emanaldia eginagatik, 26rako iragarria zegoena alde batera utzi behar izan zuten. Dena den, egun hartan berean bertze data bat jartzea erabaki zuten, uztailaren 30a, eta emanaldi bat egin beharrean bi egitea erabaki zuten.

Erran eta egin. Ortziralean, agindutako bi emanaldietan jende aunitzek izan zuen aukera Iruritako Dantzariak, Elizondoko Abesbatza Ttikiak eta baita erraldoiak ere uztartzen zituen ikuskizunaz gozatzeko.

Berriz ere oztopoei aitzin egin behar izan zieten, izan ere, berriz eguraldi kaxkarrak baldintzatu zuen saioa, eta ezin izan zen Iruritako Laxoa plazan egin. Aitzitik, Lekarozko kiroldegian hainbertze lan eta entsegutan ondutako ikuskizun zoragarria eskaini zuten.