Duela aste batzuk ekin zion Baztango Udalak I. Berdintasun Plana ebaluatzeari. Aitzinetik Udaletxe barnean abiatu zuen prozesua, eta orain, herritarrekin lan talde desberdinak osatzen ari da, Elhuyarrekin batera talde anitzen ekarpenak biltzen. Helburua, hurrengo urteetarako plangintza bat osatzeko bide-orria osatzea da.

Azken bilera landa eremuko emakumeekin egindakoa izan da. Aitzinetik, emakume migratuekin eta sektore ezberdinetako emakumeekin bildu dira.

Bileran errandakoen artean, nabarmentzekoa da belaunaldi erreleboa dela emakume nekazarien artean dagoen kezka garrantzitsuenetako bat. Emakumeek baserrietan egin izan duten lana ikusezina izan da, eta horrek ekonomian, edo pobrezia arriskuan, eragin zuzena du. Ogibide gisa jarduteko arazo andana topatzen ditu emakume baserritarrak: kotizatzeko zailtasunak, pentsio baxuak, ekoitzitakoaren prezio baxuak eta abar luze bat. Gainera, baserriak bizirauteko estrategia familien arteko transmisioa izaten denez, baserritar berriei aukerak eskaintzeko bide gutxi dago. Zer erranik ez, baserritar gazteak eta emakumeak badira.

Rol eta estereotipo anitz dago hausteko, ez soilik emakume eta gizonen berdintasuna sustatu nahi bada, baita baserrien biziraupena ziurtatu nahi bada ere.

PROZESUA Orain arte egindako bidearekin kontent da Eider Perez de Heredia Berdintasun teknikaria, erran duenez, “arras kontent gaude prozesuarekin eta emakumeek izan duten erantzunarekin. Jendea prest egon da lanean aritzeko, ahalduntze prozesuetan parte hartzeko eta berdintasunaren alorrean dauden gai desberdinak mugiarazi eta lantzeko. Egia da parte hartzeak behera egin duela azken urteotan eta zaila egiten zaigula lan taldeetan parte hartzea eta prozesuetan konpromisoak hartzea baina, hala ere, beti bada norekin lan egin”.

7 lan saio egin dituzte, 4 udal barnean, teknikari eta politikariekin ebaluaketa teknikoago bat planaren betetze maila aztertzeko. Bertze 3 saioetan kolektibo desberdinekin aztertu dituzte mahai gainean dauzkaten erronkak, zailtasunak eta aukerak. Gai anitz plazaratu direla jakinarazi du Perez de Herediak, eta prozesuaren baitan eta gaien artean dauden lehentasunen inguruan ere hausnartu da talde guztietan. Aitzinera begira, seguruenik abenduaren 18an aurkeztuko dituzte identifikatutako erronkak, mugimendu feministaren eta herritarren azken ekarpenak jaso eta txostena bat osatzeko.