Joan den udaberrian ustez Aroztegiko proiektua gelditzeagatik, 6 herritar epailearen aitzinean deklaratzera deitu dituzte. Hauei babesa eta elkartasuna erakusteko prentsa agerraldi jendetsu bat egin zen igande arratsaldean Lekarozen.

Azaldu zutenez, "proiektu hau herri oso batek gelditu du, ez sei pertsonek, beraz epaiketa hau herri oso baten kontrako eraso bezala hartzen dugu, kolektiboki erantzuteko prest gaude".

Onartezintzat jo dute baliabide publikoak herritarren borondatea defendatzeko erabili beharrean lurra eta ingurua xehatzen ari direnen beharretara erabiltzea, eta "enpresa espekulatzaileen galerak diru publikoarekin estaltzen diren bitartean, herri lurrak eta nekazal lurrak defendatzen dituztenei errepresio ekonomikoa ezarri nahi zaie".

Aldi berean, Nafarroako Gobernuari eta hau babesten duten alderdiei erantzukizun politikoa hartzeko garaia dela erran zieten, "gatazka honek irtenbide politiko erraza du: proiektu hau geldiaraztea".

Nafarroako Gobernutik proiektu hau herritarren borondatearen kontra inposatu nahi izan dela salatu zuten igande honetan, berriz ere aldarrikatuz "proiektu hau gelditu behar dela eta beren burua herritarren ordezkaritzat dituzten horiei dagokiela lan hori".

Proiektua gelditu bitartean, auzolanean eta borrokan segituko dutela azaldu zuten, "borroka hau ez delako sei lagunen artean eramandakoa, ezta sei lagun epaitegietara eramanez geldituko. Borroka hau bizitzaren aldeko borroka da, herri honek bizirik irauten duen bitartean iraunen duena". Mezu hau Iruñeraino eramateko asmoz, herritarrak deitu zituzten urtarrilaren 27an, 9:00etan, elkartasuna adierazteko eta epaiketa salatzeko Nafarroako Auzitegiaren aitzinean den elkarretara.