Anizen ospatuko da aurtengo Baserriko Uztaren lehenbiziko ekimena. Hasiera batean 2020ko apirilean egitekoa bazen ere, pandemiak bi urtez gibelatu du, eta azkenean, apirilaren 2an izanen da hitzordua.

EHKOlektiboak, Laborarien kolektiboak eta Iametzak elkarlanean antolatutako Baserriko Uztak musika eta baserria uztartuz, herritarrek etxaldeak bertatik bertara ezagutzea du helburu. Egun osoko egitarauaren bidez, urtaro bakoitzean Euskal Herriko herrialde desberdinetako ekoizleengana jo eta nola lan egiten duten ezagutu bidenabar, musikarekin gozatzeko aukera ere eskaintzen da, familia osoarendako egitarauarekin.

Apirilaren 2an, 10.30ean abiatuko da eguna Anizen, bertaratutakoei ongi etorria egin eta txistularien argi soinuekin. Hurbiltasuna da EHKOlektiboaren ardatzetako bat, eta Baserriko Uztak ere hurbilekoa izanen du oinarria, Jo ala Jo taldeko Kirikoketarien saioak emanen diolarik hasmenta goizeko ekitaldiari.

Anizko Jauregia Esnekiak izanen da apirileko hitzorduaren antolatzaile nagusia. Familia enpresa denak bere lan egiteko era erakutsiko die parte hartzaileei. Jauregian, betidanik esne behiak izan dituzte, baina duela urte batzuk beren lan egiteko modua erabat aldatu zuten, izan ere, esnea transformatzeari ekin zioten, eta geroztik esnekiak egin eta komertzio ttipietan saltzen dituzte, behi gasna, jogurtak eta irabiatuak. Komertzioez gain, Elizondon horretarako egokitutako makina berezi batean saltzen dituzte esnekiak, estatu mailan halako salmenta abiatutako lehenbizikoa izanik. Aspaldiko urteetan, gainera, ekologikoan ari dira lanean. Baserritarren lan egiteko era ezagutu ondotik, hamaiketakoa izanen da, indarrak berreskuratzeko, eta gero, musikaren txanda izanen da. Kasu honetan ere hurbileko artista bat izanen da gonbidatua, Petti beratar musikaria. Bazkariko aperitibo gisara hartuko dute beratarraren doinu eta kantuak. Bazkaria, noski, EHKO kideen baserrietako elikagaiekin osatuko da, eta bazkal ondoan, mahai inguruan kantuz eta dantzan aritzeko aukera izanen da Hauspolariek bikotearekin batera, hauek ere bertakoak, baztandarrak.

Baserriko Uzta hitzorduan parte hartzeko 30 euro ordaindu beharko dira, etxaldeko bisita, kontzertua eta bazkaria barne, 6-12 urte bitartekoek 15 euro, eta gainerakoek dohainik. Aitzinetik izena eman beharko da www.ehkolektiboa.eus webgunean, tokia mugatua baita.

EHKOLEKTIBOA Euskal Herrian Agroekologia lantzen eta bultzatzen duen baserritar eta herritarren kolektiboa da, eta guztiontzako elikadura osasuntsua eta eskuragarria egitea du helburu, lurra, abere eta pertsona guztien errespetuan oinarriturik. Agroekologiaren lanketa teoriko, eta batez ere praktikoa, bultzatzen dute, herrigintzaren ikuspegitik eta elkarlanetik, beren etxaldeak guztion artean Agroekologiaren bidean aitzinera joateko.