Iñaki Atxa Aranburu elizondoarrak Espiello Agora x l'aragonés saria irabazi berri du Boltañan. Sari hau, Sobrarbeko Dokumental Etnografikoaren Nazioarteko Jaialdiaren baitan ematen da, eta aragoieraz ekoitzitako azpititulatutako edo bikoiztutako lanak saritzen ditu. Atxak egindako Baztan Bidasoa, Nafarroako oihan hezeak izeneko lanak sari nagusia (900 euro eta garaikurra) Carlos Baselga eta Francisca Martínen Ay dios! lanarekin partekatu du.

Maila nagusian 11 lanek hartu zuten parte eta, Atxaren eta Baselga eta martinen lanak aukeratu zituen irabazle gisa epaimahaiak.

Pandemia garaian dokumental bat egiteko materiala zuela konturatu omen zen eta konfinamendua dokumentala egiteko baliatu zuen. Baztan Bidasoko xokoetan barna katapurtxintxa batek gidari lana egiten du dokumentalean, lau urtaroak nolakoak diren erakutsiz, oihaneko bertze animaliak ere agertuz.

Kontent agertu da Atxa, "ezustean" hartutako sariarekin. Ikusentzuneko lanetan esperientzia handia du elizondoarrak, aspaldidanik Xaloa telebistan lanean ari baita, eta horrez gain, mundu zabalean ere bidaia aunitz egindakoa da, argazkilaritza eta bideogintza uztartuz.