Eguberrien aitzinetik Iriarte pilotalekuan eskainitako emanaldia salbu, bi urte ziren Baztan Musika Eskolako ikasleek Arizkuenenea Kultur Etxean kontzerturik ematen ez zutela. Bada, Aste Sainduaren aitzineko egunetan, musika tresna desberdinak jotze ikasten ari diren hamarnaka haur, gazte eta helduk entzunaldi desberdinak eskaini dituzte. Azken hilabeteetan ikasitakoa jendearen aitzinean erakusteko aukera izan zuten eta entzulego oparoak ederki gozatu du azken astean izandako musika emanaldi eder eta anitzekin.