Historian lehenbiziko aldiz pastorala eginen dute Xaretan. Urriaren 15 eta 16an eginen dituzte emanaldiak Zugarramurdiko leizean, eta hirugarren saio bat ere aurreikusten dute Saran.

Duela hilabete batzuk hasi ziren lanean, eta Xaretako lau herrietako (Zugarramurdi, Urdazubi, Sara eta Ainhoa) bizilagunak buru belarri ari dira dena antolatzen.

Guztira ehun lagun baino gehiago murgildu dira abentura berri honetan, eta 60 arizale inguruk parte hartuko dute, nahiz eta oholtzatik kanpo ere hamarnaka lagun ari diren lanean.

Maddiren trajeria izenburua duen pastoralaren aurkezpena ortzegun honetan egin zuten Zugarramurdiko Akelarrenean.

Pastoralean parte hartuko duen jende multzo ederra bildu zen, Gerardo Mungia idazlea, Eukene Xurio eta Juan Migel Olaizola herritarrak eta Pantxika Urruty errejenta buru zirela.

Azaldu zutenez, ilusio handiz hartu dute pastoral bat lehenbiziko aldiz Xaretan egiteko proposamena. Profesionalak ez direla argi dute, baina gogotik ari dira dena prestatzen, eta bi astean behin elkartzen dira, egun osoz entseguak egiteko. Dena da berria gehienendako, baina ez zaie ilusiorik falta. Gainera, Xareta osoko herritarren arteko harremanak sendotzeko arras baliagarritzat jotzen dute proiektua, eta elkarlanari lotu zaizkio denak.

Gerardo Mungiak, Pintxek idatzi du pastorala, zeinean egunez orein eta gauez neskatila den Maddiren istorioa kontatzen duen. Etxeko zakurrek oreina hilko dute eta hortik abiatzen da istorioa, nerabetasunetik gaztetasunerako bidea, ehizaren bi alderdiak, oihaneko piztiak, euskal mitologiako hainbat pertsonai. Hauekin batera, pastoralak behar duen gaiztotasuna irudikatuko dute Xaretan ezagunak izan diren inkisidoreak, Urdazubiko abadea, Pierre de Lancre, Aymeric Picaud edota Valle Alvaradok.

Pantxika Urruty da errejenta, koordinatzaile nagusia, eta gogora ekarri zuenez, Maddiren trajeria pastoralak ere bortz alor ekarriko ditu oholtza gainera: idatzia, kantua, dantza, musika eta jantziak. Hortaz, bortz arduradun ere izendatu dituzte: testuaren idazlana, aipatu bezala, Gerardo Mungia Pintxek egin du; musika eramailea Patrick Calvet izanen da, bertze hamar bat musikarirekin; dantza eramailea Arnaud Izal, satan dantzetan berezitua eta dantza sozialen irakaslea, Pierre Goyaren laguntzarekin; kantu eramailea Marylis Daguerre eta jostunen eramailea Beronik Ondikola, hamar bat dendariekin jantziak egin eta josteko.