lesaka - Teknologia, informazioa eta komunikazioaren garaian helduok tresna hauen aukerak ezagutu eta beraietan haur eta nerabeak hezten trebatzeko Sare-On: arriskuak, aukerak eta prebentzioa tailerrak antolatu ditu Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. Bakeolak emanen dituen tailerrak euskaraz izanen dira maia-tzaren 6an eta 13an, 17.00etatik 18.30era Lesakako erabilera anitzeko aretoan (Koskontako Bidea 7, 2.).

Izen-ematea doan izanen da, info@bortziriakgz.eus helbide elektronikora idatziz edo 634 223659 zenbakian (whatsapp).

Bortzirietako gurasoei eta haur eta nerabeekin esku-hartzen duten begiraleei edo profesionalei zuzendutako tailerrak izanen dira. Nerabe eta gazteen artean ematen diren indarkeriazko harremanak (ciberbullying, bikote harremanetan?) identifikatu, aintzin egin edo ekiditea, internet eta sare sozialen aukerak eta arriskuak identifikatzea eta erabilera arduratsua sustatzea dira helburu nagusiak.

Kalamuari buruz Kalamuak zure garunari eragiten dio. Izenburu horixe duen saioa antolatu du Bortzirietako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak ortzirale honetan, Arantzako Baskulan, 15 eta 20 urte bitarteko gazteei bideratua. Saioaren helburua informazioa ematea izanen da,kalamuaren edo marihuanaren kontsumoak dituen arriskuez gazteak ohartarazteko eta ondorioen inguruan sentsibilizatzeko. Ekimenarekin gazte bakoitzak bere erabakiak har ditzan bultzatu nahi dute eta aldi berean, kontsumitzen hasteko adina gibelatzea edo ez kontsumi-tzea ere sustatu nahi dute. Uste faltsuen inguruan hausnartzeko ere aprobetxatuko dute. Informazioa jasotzeko tartea ez ezik, ortziraleko saioa parte-hartzaileentzat hausnarketarako espazioa izatea nahi dute antolatzaileek.

Parte hartu nahi dutenek 634 223659 telefonora mezua bidali beharko dute, whatsappez. Saioa Bortzirietako hezitzaileak gidatuko du.