bera - Labiaga ikastolak udaleku irekiak antolatu ditu uztailerako. Maiatzaren 24ra arte, ortziralea, eman daiteke izena.

Robotika udalekua uztailaren 1etik 5era bitarte eskainiko da, LHko 5. eta 6. mailako ikasleei zuzenduta. 09.00etatik 13.00etara eskainiko dute, ikastolan. Helburuak robotika alorrean trebatzea eta opor garaiaz gozatzea; teknologia berriak euskaraz bizitzeko aukera berritzaileak ahalbidetzea; teknologia berrietako eredu eta praktikak ikuspegi parekidetik lantzea... dira. Parte hartu nahi dutenek 140 euro ordaindu beharko dituzte (Ikastoletako ikasleek 115).

Abesbatza tailerra LHko 3. maila eta DBHko 2. maila arteko ikasleentzat izanen da. Abesbatzaren dinamika bizi eta ezagutzeko eta ahotsaren aukerez jabetzeko aukera izanen dute. Imanol Elizasuren gidaritzapean bilduko dira uztailaren 1etik 5era (10.00-13.00). Hondarreko egunean emanaldi txiki bat eskainiko dute. Izen-ematea 115 euro (Ikastoletako ikasleek 90).

Munduari buelta 10 egunetan udalekua uztailaren 1etik 12ra bitarte eskainiko den ikastaroa da. Haur Hezkuntzatik DBHko 2. mailara arteko ikasleek parte hartu ahal izanen dute, 09.30etik 13.30era. Munduko hainbat herrialdeerako ohitura eta kulturak ezagutu eta bizitzeko zein euskaraz hitz egiteko aukera izanen dute ikasleek. Ikastoletako ikasleek 100 euro eta ikasle ez direnek 125 ordaindu beharko dituzte.

Ingelesa eta frantsesa udalekua ere uztailaren 1etik 12ra eskainiko dira LHko 1. maila eta DBHko 2. maila arteko ikasleei, 09.30etik 13.30era. Izen-ematea: 125 euro (Ikastoletako ikasleek 100 euro). Ingelesez eta frantzesez komunikatzeko gaitasuna landuko dute.

Multikirola uztailaren 15etik 26ra bitarte (09.30-13.30) askotariko kirolak probatzeko eta kirolaren onurez gozatzeko aukera izanen dute parte-hartzaileek, giro euskaldunean. Hiru urtetik goitikoek eman dezakete izena (125 euro, Ikastolen Elkartekoek 100 euro). - A.A.A.