bortziriak - Gizarte Zerbitzua prebentziorako zenbait esku-hartze lerro jorratzen ari da: sustantzien kontsumoan gurasoentzat eta gazteentzat tailerrak eskainiz? teknologiari buruzko saioak antolatuz eta heziketa afektibo-sexualaren alorrean gazteentzat eskaintza eginez.

Gozamenez film labur lehiaketaren harira, maiatzaren 9an Iruñeko Civivox Iturrama aretoan 2019ko Gozamenez film labur lehiaketaren sari-banaketa izan zen. Bertan izan ziren Pentsatzen hasiko bagina lana aurkeztu duten zortzi neska beratarrek. Saririk jaso ez bazuten ere, esperientzia interesgarria izan da hezitzailearen ikuspegitik: sexualitatearen gaia aitzakiatzat hartuz hainbat asteetan lagun artean beraien aisialdian zenbait hausnarketa, ideia, grabazio? elkarbanatu baitira. Lana ikusgarri dago www.gozamenez.com atarian.

Harremanak hizpide Heziketa afektibo-sexualari dagokionez, aurreikusita dagoen hurrengo ekintza ekainaren 24an izanen da, Beralandetan, 11:30etan, Hiesaren Aurkako Batzorde Hiritarreko sexologoaren eskutik. Tailerra 15 urtetik goitiko gazteentzat izanen da, Hiesaren eta sexu transmisio bidezko infekzioei buruzko oinarrizko informazioa jasotzeko, harreman sexualen inguruko jarreraz hausnartzeko eta segurtasun praktiketaz mintzatzeko. Izen ematea 634223659 whatsapean egin beharko da. - A.A.A.