ARANTZA - Bortziriak solasean liburuaren eta DVDaren aurkezpenarekin hasi ziren atzo Arantzako Kultur Egunak.

Gaur, berriz, Bidazi Bidasoaldeko Kontsumo Elkartearen eskutik, Aralar: mundua leku den lurra dokumentalaz gozatzeko aukera izanen da Baskulan. 19.00etan eskainiko dute. Aralarko ondare natural eta kulturalaren leiho izateaz haratago, hausnarketa eta gogoetarako bide ematen duen pelikula da.

Larunbatean haurrek hartuko dute lekukoa. Ixabel ipuin-kontalaria eskolan ariko da 17.00etan. Ondotik, Guraso Elkarteak berendua eskainiko du. Egun eta toki berean, 20.00etan, Bankako Menditarrak taldeak kantaldia eskainiko du.

Igandean, Tartean Teatroaren eskutik, Patxo Telleriaren zuzendaritzapean eta Mikel Martinez aktorearekin, Tabernaria, instrukzioak botatzeko ondo bat kaña bakarrizketa ikusgai izanen da 19.00etan Zahar-Txokon.

baserritarren eguna Ekaitza Elkarteak antolatuta, aurten 24. aldiz, Baserritarren Eguna eginen da azaroaren 1ean. Ohi bezala, hainbat erakusketa eta salmenta postu paratuko dituzte herritarrek frontoian: barazkiak, zerrikiak, opilak, eskulanak, gozokiak eta etxean edo baserrian hazitako aziendak izanen dira ikusgai eta salgai. Gazta eta ahari lehiaketak ere eginen dituzte eta bertako produktuekin osatutako saskia zozketatuko dute. Urtero bezala, ostatua ere paratuko dute eta bildutako dirua eskolaren alde izanen da.

Aurtengo kultur egunak borobiltzeko, Ekaitza Elkarteak Niala magoaren haurrentzako magia ikuskizuna antolatu du Baserritarren Egunaren biharamunerako, 16.00etan. Ondotik, 17.30ean partxis eta 19.00etan mus txapelketak antolatu ditu elkartean. - Aitor Arotzena