- Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak larunbat honetan Batzar Nagusia eginen du. Zehazki, bihar 10:00etatik aitzinera Lesakako Harriondoa Kultur Etxean elkartuko dira UEMAren zuzendaritza batzordeko kideak, eta UEMAko kide diren Nafarroako hamalau udalen ordezkariak. Gainerako alkate eta zinegotzi guztiek, online parte hartuko dute batzarrean.

Batzarrean, Lesakako Udalak UEMAko kide izateko eskaera onartzea espero da. Hain zuzen, urriaren 29an egindako batzarrean onartu zuen udalak berriz ere Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide izateko erabakia.

Horrela, Lesaka UEMAko kide den 88. herria bihurtuko litzateke. Guztien artean, ia 250.000 biztanle inguruko lurgune euskalduna osatzen dute.

Batzarkideek aztergai izanen dituzten bertze kontuen artean, berriz, 2020ko balantzea eta 2021erako egitasmo nagusiak onartzea daude, bertzeak bertze.

Batzar Nagusia bukatu ondotik, 11:45ean, hedabideentzat adierazpenak eginen dituzte Harriondoa Kultur Etxearen atarian Iraitz Lazkano, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakariak eta Ladis Satrustegi, Lesakako alkateak.

Lesakarren %79a euskaraz ongi aritzeko gai da, eta Soziolinguistika Klusterrak iaz Bortzirietako hizkuntzen kale-erabilera neurtzeko egindako lanaren arabera, %74a euskaraz aritzen da Lesakan. Batzar nagusiak Lesaka UEMAko kide izatea onartzen duenean, Bortzirietako udal guztiak izanen dira UEMAko kideak.

Ez da Lesaka UEMAko kide den lehen aldia. Hainbat urte egin zituen mankomunitatean, Lesakako Udalak 2015eko azaroan Euskara Plana bertan behera uztea eta UEMAko kide izateari uztea erabaki zuen arte. Lesakako euskalgintzaren eta pleno aretoan bildutako euskaltzaleen protesta artean hartu zuten erabaki hura, eta gaiak soka ekarri zuen. Urte honetako urriko batzarraren erabakiarekin, UEMAko kide izatera itzuli da berriro Lesakako Udala. Udal Gobernua osa-tzen duten EH Bilduko 6 ordezkarien aldeko botoekin eta Geroa Baiko 5 zinegotzien abstentzioarekin onartu zuten erabakia.

88

Biharko batzarrean onartzen denean, UEMAko kide den 88. herria izanen da Lesaka. Ia 250.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute. Horietatik 14 Nafarroakoak dira eta, Bortzirietako bortz herriak izanen dira UEMAko kide.