Síguenos en redes sociales:

Lizarra Ikastolako Barraka: euskal giroaren arnasgunea

Lizarra Ikastolako Barraka: euskal giroaren arnasgunea

Uda heldu da, eta harekin batera Lizarrako jaiak iristear daude. Kaleak kolorez eta musikaz betetzen dira, eta festa giroa nagusi da gure herrian. Jai hauen bihotzean, harrotasunez eta maitasunez beteriko espazio kuttun bat dugu: Santiago enparantzan dagoen Lizarra Ikastolako barraka. 1976. urtean lehen aldiz jarri zenetik, barraka euskal kulturaren arnasgune natural bilakatu da, eta urtez urte gure komunitatearen topaleku bihurtu. Barrakaren izpiritua auzolana eta elkarlana dira. Lizarra Ikastolako familia, ikasle ohi, elkarte laguntzaile eta beste hainbat kolaboratzaile eskuz esku aritzen dira, lan izugarria eginez.

Guztiak elkarrekin, herritik eta herriarentzat, jaiak ospatzeko eta euskal giroa bizirik mantentzeko ahalegin handia egiten dute. Eta lan hori guztia, eragindako irribarreetan eta festaren erritmoan islatzen da. Nork ez du ezagutzen entzierro garaian barrakako salda beroa? Edo, arratsadean hasita gau sargorietan eskaintzen diren abesti, dantza eta antzerki ekitaldiak? Barraka ez da taberna bat soilik; bihotz taupadak dituen espazio bizia ere bada. Bertan, euskarak dantza egiten du, musika eta algara airean nahasten dira, eta zentzumenak festa bihurtzen dira. Gozoen zaporea, bertsoen hotsak eta dantzarien mugimenduak uztartzen dira barrakaren xarma berezian. Aurtengo jaietan, berriro ere, barraka bizitzaz beteko da.

Familiak etxean bezala sentituko dira, eta bisitari guztiek euskal kulturaren esentziaz gozatzeko aukera paregabea izango dute. Bertan, oilasko erre goxoa dastatu, trago fresko bat edan, eta lagun artean barre eta solasean aritzeko aukera izango da. Haurrek eta helduek, guztiek aurkituko dute zerbait berezia barrakaren giroan; eta guztien artean, festa giro zoragarria sortuko da berriro ere. Izan ere, barrakak lortutako giroa barrutik eta kanpotik sortzen da, euskalzaleen isla bihurtuz. Ez da erraza hamarnaka urtez lanean aritzea, hortaz, lerro hauetan Lizarra Ikastolako Guraso Batzordeak eta gainerako familiek egiten duten ahalegina eta lana txalotu nahiko nituzke. Euskararen eta euskal kulturaren aldeko lana ez da lan hutsa, bihotzez egiten den zerbait da. Eta horregatik izaten du barrakak, urtez urte, hainbesteko arrakasta.

Tamalez, aurten, Lizarrako udalak ez du baimenik eman La Bota peñak bere barraka Santiago enparantzan jartzeko, eta faltan botako ditugu. La Bota peña giro herrikoia eta euskalzalea eraikitzen laguntzen duen elkartea da, eta haien presentziak beti alaitzen zituen jaiak. Euskara maite dugun guztiontzat berri tristea izan da hau, eta aurtengo ospakizunetan haien hutsunea nabarituko dugu. Datozen egunetan, Lizarrako kaleetan barraka topatzen baduzue, geratu eta gozatu. Ekarpen txiki bat egin, bertako jakiak dastatu, kontzertu batean parte hartu, dantza saio batean murgildu, haurrekin jolastu, bertso saioetan abestu, edo lagun artean gozo aritu.

Barraka jateko eta edateko parada baino gehiago da; herri euskaldun baten bihotza da, euskal giroaren ospakizuna. Beraz, datorren astean, Lizarrako jaietan murgiltzean, ez ahaztu barrakara hurbiltzen. Han, euskarak eta euskal kulturak besarkatzen gaituzte, eta guztion artean, gure herria sendoagoa eta alaiagoa egiten dugu. Jai zoriontsuak opa dizkizuegu guztioi!.

El autor es director de Lizarra Ikastola