Pasalekuetako barraka ondoko txokoan dago berriro ere Tafallako txosnagunea. Erdigunean, denon bista dagoen bananaondopeko izkina horretan, Ikastolako barraka ondo-ondoan. Aurtengo kartela Zaharrak berri, egin herri lelopean aurkeztu dute, antolakuntza taldean belaunaldi-aldaketa bat eman delaren erakusle. “Jende gaztea sartzen ari da, eta nagusiagoak ziren horiek taldea uzten ari dira gazteagoak direnei espazioa uzteko, baita proiektuari bultzada bat emateko ere”, diote txosnako kideek.
Programazioari dagokionean, aurreko urteetan jarraitu izan den logika bera jarraitu izan dute aurten ere. Hau da, Euskal Herriko taldeak ekarri, talde txikiak, zonaldekoak, edo sortuberriak direnak. Txosna “makrokontzertuetarako espazioa” ez dela argi deritzote, tokian-tokiko taldeentzako baizik. “Hemengo jendeak presentzia izan dezan saiatzen gara, nahiz eta gero Euskal Herriko beste txokoetako hamaika artista egon. Bereziki Tafallaldean atera diren talde berriak edo hasten ari diren horiek espazio bat izan dezaten nahi dugu, bere horretan jardun daitezen”. Hala, txosna aldarrikapen-espazio izanda, eragile desberdinek aurrera eramaten dituzte bere ekintzak bertan, eta beraz, programazioa ere horren araberakoa da. Elkartasun bazkaria dago 16an, eta bertso saioa ostean.. Hurrengo egunean bazkari herrikoia, Tafallako gazteek eta feministek antolatutakoa. “Bestelako arte diziplina batzuk sartzen ahalegintzen gara, eta 20an Tafallako graffiteroekin graffiti erakusketa bat prestatu dugu”, argitzen dute.
Herriko edo zonaldeko talde desberdinak ditugu Tafallako txosnetan; Jaleo, Los Tirris, Dj Putxis, Pueblo Kalo XLRG, Leytz, Cesar Magan, Aitorunx, Hodei6z, Antigona, Suizidio Kolektivo…; Iruñeko beste hainbat ditugu: Skabidean, Safu, Dj Mortx…; Lizarrako Rossa Cannina; Erriberako The Tuffstones; ta oro har Euskal Herriko La Txama, Alarma Morea, Adur… “Euskal Herriko panorama musikala etengabeko aldaketan dagoela badakigu, eta hori gure kartelan ahalik eta zintzoen isla dadin saiatzen gara”.
Txosnak eta gazteak, erdigunean
Jada hiru urte igaro dira txosna Pasalekuen ondoan jarri zutenetik. Antolakuntzaren hitzetan, balorazioa oso positiboa da, uste dutelako “bai txosnak eta bai gazteek herriko erdigunean egon behar dutela. Hainbat eta hainbat espazio herriaren parte diren bezala, jai herrikoiak ere badirela azpimarratu nahi dugu. Gure jaigunea ghetto baten ideiatik aldendu behar da, eta argi utzi ez garela musika festibal hutsa”.
Halaber, gazteek nabarmentzen dute, nola zentroan egonda, geroz eta jende anitzagoa hurbiltzen zaien txosnara, eta alde handia dagoela egungo eta lehengoko lokalizazioen artean, bai giro mota aldetik, baita jende kopuru aldetik ere.
“Egungo testuinguruan, non dena kontsumora bideratuta dagoen, eta non gure desirak indibidualistak diren, autogestioan eta auzolanean eraikitzen den txosnak bezalako proiektu bat erresistentzia kultural espaziotzat hartzen dugu”. Antolakuntzak azaltzen duenez, Jai Herrikoietan eskaintzen dena ez da “ez mainstream, ez kontsumoan bereziki oinarritutakoa; ez antolatzeko moduagatik, ez eskaintzen dutenagatik ere”. “Badakigu txosnek ez diotela kontsumismoari guztiz ihes egiten, baina hori ez da gure motorra”.
Kontzertuak eskaintzen dituen leku soil bat baino, “saretzeko espaziotzat” hartzen dituzte gazteek txosnak, eta askotan, kartela eraikitzerako orduan, zaila zaie Tafallako gazteria osoaren eskaerei erantzutea, belaunaldi gazteen gustuak ez dituztelako zuzen-zuzenean ezagutzen. Erronkarik “handiena” benetako belaunaldi-aldaketa bat lortzea dute, eta horrexegatik “animatzen dituzte Tafallako gazteak txosnetan parte hartzera, haien iritzia plazaratzera, eta ideia berriak taldera ekartzera. Jende berria egonda errazagoa izango zaielako denon onurarako diren jai batzuk antolatzea”.