ero eta maizago ikusten dira nonahi denda izaniko etxabe hutsak. 2008ko krisialdian gertatu zen, eta oraingoan ere bai. Baina krisiak gorabehera, agintariek aspalditik bultzaturiko merkataritza ereduak izan du eragina. Oro har, saltoki handien alde egin da beti, hau da, ez erosi zure etxe ondoko denda txikian. Hartu autoa eta zoaz merkataritza gune handietara; dela hiri ingurukoetara, dela erdiguneko zehatz batera, hau da, Intendentziako orubean ezarritako Corte Ingelesera. Hartara, inguruko karrikak oinezkoendako bihurtu, lurpeko aparkaleku handiak egin eta denetariko erraztasunak eman zitzaizkion. Halako merkataritza eremu handi bat osatu zen Bigarren Zabalgunean, Karlos III.aren eta Corte Inglesaren artean. Izan ere, arropa arloko multinazional handiek etorbide hori hautatu zuten etxabeak errentan har-tzeko eta dendak irekitzeko. Karlos III.eko etxabe-jabeak pozik, sos ederrak egin dituztelako. Orain, ordea, nork erranen zuen, saltoki distiratsuak alde egiten ari dira nondik eta Karlos III.etik, Sarasate ere ia bere osoan itxia dagoen bezala. Arazo hori egunerokoa da auzoetan, eta saltoki txikien itxierak etenik ez duen bezala, ez dira eten merkataritza gune handiak ezartzeko proiektuak. Miserikordia etxekoa aitzina doa, eta orain, jakin dugu Nafarroako Gobernuak geldiarazi egin duela alkateak eta Esporrinek bermaturiko proiektu erraldoia, hots, Zaragoza etorbidearen behealdekoa. Azpilagaña, Iturrama eta Arrosadiko merkatari elkarteek hasieratik jo zuten egitasmo horren aurka. Geroa Bairen ardurapeko departamentu batek hartu du erabakia. Ezin jakin gauza bera gertatuko ote zen, ardura hori sozialisten eskuetan egon izatera. Eta inork ez dezala espero Hezkuntza Departamentuak kontra egitea alkateak eta Esporrinek haur eskolen aferan hartutako erabakiari, Gimeno pozez gainezka baitago.