aio orduko zahartua. Halako irudia dakar urte berriak. Beti izaten da itxaropena gauzak bertzela izaten hasiko ote diren. Albisteak, ordea, zartakoka heldu dira. Gauzak horrela, ez dakit behar bezain arreta handiz ohartu ote gatzaizkion abenduaren 23an Parlamentuan gertatutakoari, hots, dela ogasuneko kontseilariaren harropuzkeriari, dela eledun sozialista aho-handi eta mingain-beroak errandakoari (dena dago Parlamentuko bideotekan ikusgai). Hitzarmen ekonomikoaren inguruko eztabaidaren erdian izan zen. Azken buruan, den mendrenik ere ez da aldatu PSN, lehengo lepotik du burua eta traidoretzat jotzen ditu berarekin bat ez datozen parlamentariak oro, baita Gobernuan eta Parlamentuan kide dituen taldeetakoak ere, edo hobeki erran, talde horietako parlamentariak bereziki. Jakina, beraiek nafar zintzo eta on bakarrak direlakoan. Jarrera hori, gainera, gero eta ageriagoa izanen da, heldu den urteko bozak hurbildu ahala. Ez dugu zertan harritu, Chivite izan baita lehena alemana baloratzen eta euskara baztertzen eremu mistoan. Bizkitartean, seigarrena nola dagoen ikusirik, ikasi beharko dugu unean uneko olatura egokitzen, urte berrirako asmoak asmo gelditu ez daitezen. Eta asmoz oparo dator 2022a, baina Donostian danborradarik ez dela izanen iragarri duten honetan, inork ere ez dezake erran Sanferminik izanen ote den. Martxo-apirilean, konparaziora, Korrika egitekoa da AEKren eskutik, horrek berarekin dakarren kultur ekimen mamitsuarekin. Iruñeko Arturo Campion euskaltegiak (IKA) sekulako egitaraua darabil buruan 50. urte bete izana ospatzeko. Gure hiriarekin lotura berezia izan duen UEUk ere mende erdia bete du eta, urte bukaeran, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren final handia jokatuko da Iruñean. Olatuak olatu, horiek oro nola edo hala egiten ahalegindu beharko da, zirriki-zarraka bada ere.