Jesus Perurena Loiarte hilda Leitzan, 2025-6-30ean, 69 urte zituela, minbizi luze baten ondoren. Bosten bat zaletasun izan zituen mundu honetan, eta esan liteke bostak ongi betexerik joan dela; jubilazioari eta bere bi bilobei etekin gehexio atera ez izana dantzan geldittu zaion arren.
Pilota: Ezkerra zen, baina eskuinez ere poliki moldatzen zena. Goizuetako eskolarteko kopa ttiki bat izaten zuen bere guzizkoena, oraindik Leitzara etorri baino lehen irabazia. Geroztik beste kopa mordoska bazuen; beti aritu baitzen pilotan, gaitzak harrapatu zuen arte. AURRERAko pilota eskolan ere urte askoan aritua zen. Afizionatuetan Argaña aldaztarra zuen berarekin asko aritua, eta inoiz Martinikorena edo Ladutxe bezalakoekin ere jokatua zen.
Aizkora: Sekulan apusturik egin gabea bazen ere, ume umetatik ekarri zuen aizkorarako afizioa. Oroitzen naiz oraindik mutikozkorrak ginela, nola joaten ginen inguruko basorik ezkutuenera, arbola eroriren baten bila. Gerora suerte ikaragarria izandu zuen Joxe Joan Barberena koinatuarekin; aizkolari onskoa baitzen eta baita, eta hari egurrak prestatzen eta, txoriak baino pozikago bete zuen barren barrendik zekarren zaletasun hura.
Mendizaletasuna: Honetan ere, hasi bazen hasi, duela lau urte inguru gaitzak jo zuen arte, pozik eutsi zion mendiari. Euskal Herri osoari buelta emanda ere, gutxi izanen baitira Txatxek igo gabe utzitako gailurrak; halaxe deitzen baitzioten izengoitiz lagunartean.
Folklorea: Zenbat euskal liburu, bertso, kanta, zinta, diska… "Xarra"ren mesanotxe gainetik hartuta, leitu eta entzunak! Txistu ikasten ere hasia zen. Alboka ere erosi zuen... Baina gero panderoa ikasi, eta hagitz ongi gainera. Egin galde bestela, Tomasin Erbiti, Jesus Azpiroz edo Anttonio Sagastibeltzari, zenbat gozatu zuen, batez ere, Leitzako ihautetan, baserriz baserriko eskean eta abar. Trikitixak ere izugarri hunkitzen zuen, eta gaitzaldiaren azkenaldi zaila arintzeko, erabat Trikitixa paratzeko eskatzen zion seme Anderri.
Politika: Gu, gutxi gehiago, etxeko senidok, xarrak abertzaletu gintuen. Kartzelan ere sartua izan zen, Tolosan propaganda zabaltzen detenitu ondoren. Dena dela, inoiz politika bizian sartu ez bazen ere, EE, EA, BILDU eta korriente horretan mugitu zen, batez ere euskal sindikalgintzaren itzal haundiari jarraiki
ELA: Politikarako finegia izaki, sindikalgintza hartu zuen gero bete betean, eta geroztik ELAn errotu bere lana, Leitzako paper lantegian. Dudarik gabe, hau izan baitzuen gizarteari urte luzetan eskaini zion lanik oparoena. Etxean ere “sindikalista” deitzen genion beti, horrek harro sentiarazten zuelako
Izakera: Bost senidetan zaharrena izaki, "Xarra" deitzen genion. Fina eta apala. Zuhurra (prudentea) diziplinatua, eta tarteka xorrotxegia ere bai izakeraz; maiz, seniderik zaharrena izateak gurekiko sortzen zizkion kezkak zirela medio. Dena dela, eta senide guzion maitasuna eta esker ona beti bihotzean, segi! gure gidari fin ere erne izaten Xarra, heure alderdi on eta eder guziak nabarmenduz.
Bukatzeko, eskerrak poza eta alaitasuna paratu diguten Laila eta Aret ttikittoei eta bereziki koinata Begoñari eta seme Ander eta emazte Uxueri, gaitzaldi guzian erakutsi duten pazientzia, serenidade eta prestutasun onagatik.