PRENTSA idatzian (DIARIO DE NOTICIASen, irailaren 8an, eta Diario de Navarran, irailaren 13an) atera dira zenbait berri eta iritzi Nafarroako Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedraren inguruan.
Nafarroako euskaldungoak eskubidea du zer gertatzen den jakiteko eta bertako koordinatzailea izan naizen aldetik, hitz batzuk erratea komeni delakoan nago. Euskaldungoa aipatu dut eta ez da ezdeusa aipamena; izan ere, Nafarroako euskal kultura eta hizkuntzari men eginez sortu zen Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedra. Hasiera batean, Antonio Fontán (1923-2010, duela gutxi unibertsitatean omendua) Filosofia eta Letretako dekanoak argi zeukan Nafarroan zegoen unibertsitate batek hemengo kulturaren parte diren euskara eta euskal kultura ezinbestean ikertu beharra zeukala. Bere ekimenez euskal katedraren proiektua atera zen. Horretarako, jakina, Nafarroako Diputazioaren onespenak (eta finantziazioa!) behar ziren. San Josemaría Nafarroako Unibertsitateko fundatzaileak ere bere onespena eman zion proiektu hari. Antonio Fontánek berak hitz egin zuen Joxemiel Barandiaran antropologo eta ikerlari famatuarekin katedraren ardura har zezan. Bi adar zituen (eta izan ditu oraintsura arte) katedrak: hizkuntza eta kultura. Kulturaren esparru zabalaren baitan, etnologiak izan du protagonismoa ikerketari dagokionez. Hemen sortu zen Euskal Herri osoko lehenengo Etniker ikerketa taldea. Gero Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Iparraldekoak etorriko ziren. Bestalde, Ana Echaide Itarte hizkuntzalariak, hizkun-tzaren arloan, sekulako lana eta ekimena garatu zuen ikerketa eta irakaskuntza txalogarria burutuz. Bestelako laguntzaileak ere aipatu nahiko nituzke hemen, baina tarterik ez dagoenez, gutxienez nire errespetuzko omena bihoakie. Gune xumea izan den arren, zubi bat izan da mundu unibertsitarioaren eta bertako kulturaren artean: Ez Golden Gate bat baina bai zubi apal bat. Itxaropena neukan zubi hori denborarekin sendotuko zela, baina indartu beharrean, behera botatzea deliberatu dute.
Laburtze aldera, nik euskal katedraren lorpenen artean bat nabarmenduko nuke: hasiera-hasieratik lortu zuela euskal kulturaren inguruko zenbait irakasgai presente eta duintasunez egotea unibertsitate baten ikasketa planen barruan. Irakaskuntza (docencia) lortu zuela, alegia. Irakaskuntza izanda, posible da jarduera izatea. Lorpen hori, tamalez, aurten deuseztatu egin da oraingo agintariek hala erabakita. Francoren garaiko zentralismoak lortu ez zuena, XXI. mendeko gaizki ulertutako globalizaziokeria batek lortu du. Gaizki ulertua, zeren kanpoko kulturei irekita egoteko lehenik gertuko kulturei irekita egon behar da; bestela, itxurakerian erortzen gara: aniztasunaren mozorroarekin uniformizazio kulturala estaltzen ari gara.
Bistan da, nazionalismo linguistiko egon badago, existitzen da. Eta inor ez da espantatuko Nafarroako Unibertsitatean ere presente dagoela erratean edo konstatatzean. Badago orain azaltzerik ez dudan ikuspegi darwinista bat hizkuntzekiko (hizkuntza gutxituekiko). Badago ustez eleaniztasunekiko zaletasun bat, monolinguismo konpartitua estaltzen duena: gaztelera, ingelera eta kitto: Nafarroako Unibertsitateko kartel eta errotulu guztiak horren adierazle bat baino ez dira. Eta hori bultzatzen dutenek boterea dute ustez "oztopo" diren kultura eta hizkuntza txikiak zokoratu eta desagerrarazteko (unibertsitatetik, bai, behintzat): gizaki zehatzei buruz ari naiz, ez indar ezezagun-itsuei buruz. Gaitza ez da orokorra eta agian ez da beti kontzientea, baina egon badago.
Baina, tira, bertsolariak erran zuen moduan "jaioko dira berriak". Pena ematen dit historiak zorrotz begiratuko duelako garai hau edota zentro hau, estimu handian dudan unibertsitate hau. Nire eskerrik beroenak ametsa bolada batez posible izan zitekeela sinesten lagundu duten guziei.
Asier Barandiaran
EHUko irakaslea