z dut bigdatarik erabiltzen, baina badakit kontuak ateratzen. Nire washappak, adibidez, hiru aldiz mezu gutxiago jaso zuen lehengo astean etxealdiko lehen egunetan baino. Koadrillaren txatean urritu egin dira memeak eta ziri-mezuak, eta desagertu hitzordu telematiko alkoholdunetarako deiak. Anai-arreben artekoan, oraindik bada bat edo bat sua pizturik mantendu nahi duena, baina gogoa eskasten ari zaiola ematen du joan den asteburutik. Mendi-taldearenak, berriz, astebete baino gehiago darama isilik. Koronabirusak jotakoen kurbak ez bezala, gure aldartearen bihurgunea beheiti amildu da eta lurraren kontra doa ziztu bizian. Ez eutsi ez meutsi, leporaino gaude. Resistiréka ari den pinguinoari kokotean taka jotzen duen espeziekidearen gisara hasiak gara: hago isilik, astapitoa! Sei aste daramatzagu giltzapean eta jada erabaki dugu ez garela satorrak izateko sortuak. Ez da ukatzekoa, dena den, eguzki printzen bat hautematen dela zerumugan. Heldu den astean haurrak kanpora atera ahal izanen dira eta horrek sekulako arnasaldia ekarriko du etxe batzuetan, ordubetez baizik ez bada ere. Adinduak eta buru patologiak dituztenak ere beren txanda eskatzen hasiak dira. Eta bertze batzuk galdeka dabiltza: Europa ia guztian baldintza batzuk betez gero kirola egiten ahal bada, zergatik ez Espainiako Erresuman? Etorriko omen da hori ere, baina ez bihar, ez etzi. Eta bitartean? Bada, bitartean ez etsi. Hala gomendatu digu Joxerra Garziak Beatlesen Let it be kanta ezaguna euskaratu eta bere bozaz sareratu duelarik: "Ez etsi! Ez etsi! Ez etsi! Ez etsi! Bada irtenbide bat, ez etsi!" dio Kike Amonarrizek hedatu duen txioan. Joxerra ez da McCartney, baina eskertzen da ausardia. Niri bihotz-altxagarria gertatu zait, beharbada kanta honek nire lehen maitemina ekartzen didalako beti gogora. Orduan bere horretan utzi nuen. Orain, nola etsi, Joxerrarena aditu ondoan?