Espainiako Erresumak erresuma izaten segituko du luze. Zenbait politologoren, soziologoren eta zuzenbide konstituzionalean adituren iritziz, aldaketa guztiz ezinezkoa izango da epe motzera eta, kezkagarriagoa dena, epe ertainera ere ez da aukerarik ikusten. Dena dago lotuegi, beste hark nahi zuen bezala, monarkiaren eta konstituzioaren arteko kateak sendoegiak dira zerbait aldatzeko. Gezurra badirudi ere, errege zaharrarenak ez du koroan zalantzan jarriko. Ugaritu dira, gainera, azken egunetan monarkiaren aldeko gorazarreak, manifestuak, artikulu ustez serioak eta panegirikoak, mundu osoan (erresumatik kanpo, esan nahi dut) barregarri eta eskandalagarria dena zuritze aldera. Are gehiago, politologo, soziologo eta aditu horiek pentsatzen dute hemendik aurrera erregea, monarkia, errege familia eta koroa kritikatzea orain arte baino zigortuago egongo dela. Estatuak bere burua defendatuko du eskura dituen tresna guzti-guztiekin. Dena 78ko erregimenaren alde. Aldaketarik ez, beraz; atzerapauso, aldiz, nahi adina. Adibide bat izan daiteke Espainiako Apezpikuen Konferentziak atera duen oharra. Irakurtzea denboran bidaiatzea bezalakoa da: hasteko, Espainiako eliza katoliko erromakoa seguru dago oraindik badela nor kontu politikoetan sartzeko; bestetik, hizkera, ez da XVII. mendekoa, jakina, ez dute errege zaharra Fede Katolikoaren Soldadu edo Benetako Erlijioaren Babesle izendatzen, baina gutxi falta zaie; azkenik, deigarria da jendearen sexualitatearekin beti kezkaturik dabiltzan gizon horiek guztiz diskretuak izatea errege zaharrarekin (jakina da morala pobreentzat dela). Niri ere emerituaren bizitza sexuala ez zait interesatzen baina tartean, edo gainean, edo azpian, zeuden dirutxoen nondik norakoak, bai. Apezpiku katolikoek otoitz egingo dutela diote.

Aldaketarik ez, tamalez. Tamalez. Aldaketa posible izango zela aldarrikatzen zutenek lan eskerga dute aurrean. Madrileko gobernuan daude baina estatua (estatu sakona, orain esaten den moduan) haien buruen gainetik pasa da, eraso, jazarpen eta guzti. Aldaketak, beharbada, beste bide batetik datoz.