amaika neskatiko-mutiko jostetan, adin guztietakoak, lasterrean, futbolean, zabuetan, zuhaitzetan, talde handi eta txikietan, guztiak plazan, algara bizian, berehala hartuko dituen 115 urteko ikastetxearen ondoan. Bitartean, plazako jarlekuetan jarrita, bai ama eta aita familiakoak, bai amatxiak (adineko gizonik ez), arratsalde apaleko azken eguzki-printzen goxoa hurrupatu nahian. Ez alferrik, oihanetako pagoen urrina dakarren agorril hondarreko ipar haizeak aise gainditu du Arrotxapera begira dagoen harresi zut-zuta, ondoren Eslaba karrika meharrean labainduta, plaza jo arte. Bazter guztiak, lepo. Bada giro. Auzo giro. Duela urtebeteko irudi berbera izan zitekeen, jendeak daraman musukoarengatik ez balitz. Orain dela bortz, hamar, hamabortz eta hogei urteko irudia ere bai. Ez, ordea, duela 25 urtekoa, den mendrenik ere. Hura plaza mortua zen. Hitsa. Haurrik gabea. Bizigabea. Ez zen giro. Ez plazan, ez ikastetxean. Eskola gainbehera izugarrian baitzetorren. Erabaki batek, ordea, goitik behera aldatu zuen den-dena. Halaxe da. Erabaki soil batek. Hots, Alde Zaharreko San Frantzisko eskoletan D eredua jartzeko erabakiak, hain zuzen. Hori bai, ederki kostata, eta guraso talde batek tinko egindako lanari esker. Eskola hiletsian zegoen, agintarien utzikeriak infernura, itxierara, kondenatua. Itxi egin nahi zuten, Alde Zaharra eskolarik gabe utziko bazuten ere. Agintariek hainbat urtez jarraitu zuten asmo hura bete nahian, baina D ereduaren arrimuan eskolara urtez urte iritsitako familia uholdea ikusirik, azkenean amore eman zuten. San Frantzisko Ikastetxearen eta izen bereko plazaren onerako. Alde Zaharraren onerako, azken buruan. Mende laurdena joan da. Efemeride ttipia baina mami handikoa. Espero dezagun Mendigorrian ere gisako efemeride xumerik ospatzeko parada izatea 25 urteren buruan.