gun hauetan ia ez daukagu besterik egunkari eta irrati telebistetan. Lehen begirada batez, Afganistanen gertatu denak ezustean harrapatu gaitu. Egia esan, gai batzuk ez dira aireratzen guztiz usteltzen direnera arte; beste batzuk, ostera, egunero astintzen dira nahiz eta gauza berririk egon ez.

Barak Obamak adierazia zuen Afganistanekiko helburua demokrazia sendotu eta estatu-erakundeak egonkortzea zela. Orain Joe Bidenek dio Estatu Batuek ez daukatela zertan jarraitu egoerari eusten 20 urtetan zehar bertoko herritarrak zein buruzagiak ez direnean gai izan Gobernu demokratiko indartsu bat lortzeko, ezta ere ustelkeriarekin amaitu edo armada profesional eta demokratikoa eraikitzeko.

Politikaren ur handietan sartu barik eta eraispen ikaragarri hau ikusita, galdera ba-tzuk otutzen zaizkit: zergatik ez zen jarri korridore gizatiarra, zaurgarrienak babesteko? Talibanen abiada ikusita, Estatu Batuetako segurtasun zerbitzuek ez al zuten aurreikusi jendetza ikaragarria iheska izango zenik? Abuztuko oporraldiek desegingo zutenaren itxaropenak eraman al du Biden eragiketa-modu horretara?

Nazioarteko Komunitatea aipatzeak zerbait baikor ekartzen digu gogora baina hitzetatik ekintzetara igarotzeko sasoia da, zaila izanda ere. Sakon aztertu behar da zer egin, setakeria erradikala beti gertatzen baita erasokorra bai bertokoentzat zein kanpokoentzat. Estatu demokratiko guztiek jasan behar izan dituzte euren eraso beldurgarriak. Talibanek ez dute txantxarik; aurre egiten diena ezabatu, suntsitu egiten dute. Erabakiak hartu orduan beldur izatea ulertzekoa da baina, apunte gisa, esan dezadan egindakoaz eta egin barik utzitakoaz autokritika zehatza Angela Merkelek bakarrik egin duela. Eta inoiz baino gehiago ebaluazioa, kontu-ematea, aldarrikatzen diegu erakunde demokratikoei. Besterik ez bada, etorkizunerako ikasgaiak jadesteko.

Eskubide demokratikoak irmoki aldarrika-tzen jarraituko dugu, emakumeen bizitza eskubideak ozenki eskatzen. Errefuxiatu berriak ate joka ditugu. Geurea da ordua, geurea erantzukizuna.