uela pare bat urte ospa egin zuena bere herrialdera bueltatu da, Espainiara. Garai hartan Espainiako errege emerituak ihes egin zuen, eta ekialde hurbileko herrialde batean sartuta ibili da urte hauetan guztietan. Bere bizitza pribatuko zenbait gertakarik sekulako oihartzun publikoa hartu zutelako ospa egin omen zuen, bai eta ikertua izango zela bazekielako ere. Eta kanpoan emandako denbora horretan bere itsuskeriak, diru-lapurretak, eta negozio zikinak garbitu ditu Espainiako Tribunalak, bera omen baita ezin bortxatuzko pertsona.

Gelditzen zitzaion duintasun apurrak bere horretan jarraituko zuela pentsatuko zuen monarka horrek, eta denbora oroimenaren borrerorik onena denez eta zauri guztiak ixten dituenez, bere aberrira bueltatzea erabaki du. Ez da etorri baina, egindako jukutria guztiengatik barkamena eskatzera, ez, itsasontzi lasterketa batean parte hartzera baizik. Bere aisialdiaz gozatu nahi du lapurretan eta kontu ilunetan ibilitako herrialdean, eta herrialde horretako epaileek erabaki dute pertsona garbia dela, ongietorri bat merezi duen errege bat dela.

Berak beti esan du justiziarekin kolaboratzeko prestasun osoa duela, baina badirudi justiziak haren figura ez lokazteko prestutasun osoa ere baduela.

Kontua da Juan Carlos Borboikoak Galiziara bidaia egin duela aurreko egunetan; hantxe ikusi diren irudiak benetan lotsagarriak izan dira. Bere etorreran batu ziren pertsonak, Espainiako banderez horniturik, Hollywoodeko aktore handi bati egin dakiokeen harrera sutuan murgilduta zeuden. Eta arloteak eskuarekin agurtzen zuen, azken urteotan agertu diren ustelkeriei buruzko azalpenak emateko inolako ahaleginik egin gabe. Zorionez Galiza non ten rei lemadun pankartak ere ikusi ziren inguruan, argi eta garbi adierazteko Bribon izeneko itsasontzian nabigatzen duena ez dela lur hartan ongi etorria.

Nik uste dut Abu Dhabitik jet pribatu batean iritsi zen morroiak honelako pentsamenduak izango dituela barrutik: Zein herrialde ona den Espainia, hemen baino hobeto inon! Eta jarraitzaile txotxoloak: Errege! Errege!