Ez dakit ondo ulertu dudan egunkariek zekartena Gazte Koordinakunde Sozialista eta Ikasle Abertzaleak erakundeek Durangon izan berri duten Gazte Topagune Sozialistari buruz. Une batez iruditu zait, kronikak leitzean, erakunde horiek alderdi politiko berri bat sortu nahi dutela: “alderdi komunista internazionala” irakurri dut hor eta “alderdi iraultzailea” han. Hala izango balitz, udako albisterik nagusiaren aurrean egongo ginateke, zalantzarik gabe. Baina, esan bezala, ez dakit ondo ulertu dudan edo ez dakit egunkariek ondo islatzen duten Durangoko topagune horietan esandakoa, alderdi berriarena gerorako asmoa den ala erabaki irmoa.

Orain dela urtebete edo, lagun batek esan zigun mugimendu berri hori alderdi politiko bihurtzeko aukera asko ikusten zituela eta bost urteko epea zehaztu zuen horretarako, azken finean, bilakaera naturala izango litzatekeela, gazteek ere urteak betetzen dituztela. Urte bat igarota, lau gelditzen zaigu profezia beteko den ala ez jakiteko, eta lau urte politikagintzan eternitatetik gertu dagoen zerbait da: orain pil-pilean dagoena biharkoan desager daiteke aztarnarik txikiena ere utzi gabe.

Ulertzen dut alderdi politiko bat sortzeko nahia, jendea batu edo langileria antolatu eta ideiak zabaltzeko tresna egokia dirudi. Bestaldetik, alderdi politikoa izateak morrontza asko ditu, hauteskundeen arazoak eta abantailak hor daude, adibidez. Suposatzen dut mugimenduaren partaideak alde onak eta txarrak aztertzen ibiliko direla hurrengo hilabeteetan.

Bitxia iruditu zait “internazional” adjektiboa. Euskal Herrian alderdi bat sortzea zaila izango da, baina ezin dut irudikatu zer izan daitekeen alderdi internazional bat eratzea. Edo oraindik bizirik dauden “Internazional” gutxi horietan ari dira pentsatzen? Topaguneari buruzko kronikak atera dituzten egunkariek ez dute ezer argitzen; beste hedabide batzuek, jakina, ez dute ezertxo ere argitaratu.

Beharbada gaizki ulertu dut den-dena, eta zutabe honek ez dauka inolako zentzurik. Udan ohikoa da burua galtzea.