Uda honetako elkarrizketen artean eguraldiari buruzkoa izaten ari da nagusi. Inoiz igogailuetan isiltasuna hausteko erabili bada ere, aurten serio gabiltza gaiari begiratzen. Eguraldiarekin baterako kezka dugu energia elkarrekin baitoaz onerako zein txarrerako.

Aldagai bat baino gehiago ditugu egoerari eragiten dietenak. Alde batetik, pandemiaren eragina ez da amaitu eta, hildako eta eri askorekin batera, zulo ekonomiko sakona ere ekarri digu; denok gogoratzen dugu hainbat ekonomi-aditu eztabaidatzen V edo U edo irekiago izango zen gailur-aran-gailur forma hartuko zuen krisi sozio-ekonomikoaren bilakaera.

Ia burua ateratzen ari ginenean, Putinen amets inperialistak Ukrainan jarri zituen atzaparrak. Europar Batasunak pandemian erakutsitako elkarlanari eutsi eta aurre egitea erabaki zuen Errusiako estatuari zigor ekonomikoak ezarriz, Ukrainako armadari laguntza logistikoa emanez eta errefusiatuei babesa eskainiz.

Baina badugu eragile-arazo bat egiturazkoa, denori eragiten diguna eta denon artean konpondu ezik gaindituko ez duguna. Itxura desberdinak hartu ditu urteetan zehar baina hondoa berbera da. Batzuk bakarrik aipatzearren, duela 50 urte inguru euri azidoa zen Europako iparraldeko basoak arriskuan jarri zituena; itsaso zabalean ere aspalditik dabiltza jitoan “plastikozko mendiak”; izoztegiak urtzen doaz etengabe; errekak lehortzen zein bapateko urez gainditzen ikusten ari gara egun hauetan.

Hondamendion eragile nagusiak urritzen joan daitezen badago errezeta bat, denok ulertu eta onartu arren zaila zaiguna eguneroko bizitzan txertatzea. Kontsumoa da. Kontsumo arduratsua behar dugu, energiarena jeitsi, gainerako kontsumoekin batera, zorrotz eta zuhurtziaz, ingurunearen zaintza ahalbidetzea gizatasunaren helburu-tzat daukagunok. Kontua da sinestea gu geu, hiritarrok, garela erabakiorrak eta botere ekonomiko erraldoien arduragabekeriak ezin duela gurea ezkutatu, geuk dugula gainerakoen ardurak neurriratzeko ahalmena. Guk geuk.