Toni Morrison (Chloe Ardelia Wofford) idazle afro-amerikarrari, Literaturako Nobel Saridunari, ea eleberri serio bat, arrazari buruzkoa ez zen beste zerbait, noiz idatziko zuen galdetu zioten. Eta munduaren parte bat asaldatu egin zen Nobel Saridunari tamainako galdera egiteagatik; bazterrik ez dela existitzen erakusten zuen eta bazterraz trufaka galderak egiten zituen kazetari zapaltzaile eta ezjakinaren ausardia lotsagabeaz.

Mariasun Landa idazleak esan zidan behin, aurrera egiteko daukagun mugarik handiena, gure ezjakintasuna dela. Hau da, gure inguruan gertatzen den guztia kaxoietan sartu beharra. Hots, sailkatu beharra. Sailkatzean, nor zer den esatean, guk aurretiaz ezagutzen ditugun kaxoietan sartzen dugulako. Eta horrela, ez baikara ezagutzen ez duguna sailkatzeko gai. Sailkatzeko gai ez garena, ezin dugu ulertu. Eta ulertzen ez dugun horri, ulertzen dugun prisma motzetik egiten dizkiogu galderak. Kaxoitik kanpo bizi edo agitzen denarentzako, guztiz hutsal, ez egoki, eta errespetu faltazkoak direnak. Ez jakinak, edonola ere. Ezagutzen ditugun kaxoietan sartzen ez diren pertsonak, kaxoietan sartzen saiatzen gara, beraien errealitatea bortxatuz. Kaxoikoak balira lez tratatuz. Behin eta berriro, ez dagozkien galderak eginez.

Toni Morrisonek baietz, eleberri serio bat idaztera helduko zela erantzun zion kazetariari, arrazakeria salatzen zuen zutabe baten bidez.

Bazterreko izateaz galdetzen dizutenean, ordea, bazterkeria galdera egiten dizun horren begietan bakarrik dagoela erakutsi behar da. Kazetaria bera lotsarazi. Eta erantzuna bere teilatuan utzi. Ea titularretara zer eramaten duen.

Ez dira urte asko pasatu erditu berri nuen umea edo argitaratu berri nuen liburua zer ote nuen maiteago galdetu zidatenetik. Edo halako edo bestelako kargua onartzean zer sentitzen ote dudan, emakume izanik. Nire erantzuna beti bat bera izan da: ni emakume jaio nintzela; ez naizela bat-batean emakume bilakatu, galdera egileak orain deskubritu banau ere. Eta konturatzen naiz, nire harridurarako, ez dutela erantzuna ulertzen.