Duela egun batzuk aurkeztu da Bilbon Euskara Denontzat, por un euskara sin barreras lelo elebidunapean plataforma berri bat. Bozeramaileen arabera euskararen aldeko hizkuntza politika aldatzea bere helburua da: iruditzen zaienez, euskararen ezagutza dauden mailaren eskakizunak gehiegizkoak dira, ergo administrazio publikoan lanpostuak lortzeko oztopo bat dira ere.

Holako mezuekin, lapiko berberan sartuak eta egoki nahasiak, zabaldu nahi duten mezu nagusiari bidea irekitzen dute: gauregungo hizkuntza-politikak euskararekiko arbuio, gorrotoa ere, eragiten du biztanleriaren zati batean. Esandakoa erabateko desegokia izateaz gain, ekitaldiaren hizlarien zein plataforma beste kide batzuen euskararekin konpromezu eta jarrera ezagututa, entzun dudana bai harrigarria eta oso-oso arriskutsua dirudit. Ea ni ulertaraztea lortzen dudan... Edozein politika publiko aldatu behar dela uste bada, arrazoiak azaldu ostean nola egin behar proposatzea ere logikoa eta komenigarria ohi da.

Proposamen sorta bat publikoki azaldu du plataformak eta, tira, egokiak, okerrak, arrazoizkoak, interesatuak, xelebreak edo txalogarriak iruditu ahal zaizkigu, bost axola, bakoitzak nahiago duen iritzia eman dezala. Nik ez dut proposamenik edo iritzirik aurrez epaituko. Erabateko lekuz kanpo eta oso bidegabetzat jotzen ditudan eskeinitako zuribide batzuk nabarmenduko ditut soilik: esaterako, euskara-eskakizuna egiaztatzen dutenen eta ez dutenen en artean –irabazleak versus galtzaileak– dagoen zatiketa soziala saihestea, gizarte arrakala toxiko bat eragiten duena (sic). Hamaika ikusteko jaioak gara, bai. Sortzen zaidan galdera askoren arteko lehena hauxe da: proposatutako ekimena apolitikoa dela azpimarratzen dute behin eta berriz… Seguru? Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetatik urtebetera? Kasualitatea? Kontrapasa?

Nolanahi ere, babestea eta zabaltzea merezi duen Kontrapas bat badago, Bernart Etcheparerena da: Euskara, euskara jalgi hadi plazara! Eman diezaiogun, ba, behar duen zornuia.