Bakardadearen arriskuetako bat zeure buruari esaten dizkiozun gezurrak sinestea da. Badakit ez dagoela bakarrik egon beharrik ez garena edo gertatu ez zaiguna sinisteko, hori egia da, baina sozializazioak beti dakar geure burua ispilu baten aurrean ikustea eta honek geure Ni-a birkalkulatzen laguntzen digu etengabe.

Besteen esperientziekin aberasteaz gain, lagunekin gaudenean, konturatu gabe, geure bizitzari buruzko ikuspegia ere aberastu egiten da, geure bizitzari eta gertatzen zaigunari beste leku batetik begiratzeko aukera izaten dugulako. Beste begirada batetik. Norbaitekin gaudenean, kartoizko kutxa batean bezala geure buruan bizi den hamsterra mamuz eta beldurrez elikatzeari uzten diogu une batez.

Harremanak ez dira beti errazak, baina ezinbestekoak dira gure obsesioekin ez zorabiatzeko eta gure amesgaiztoekin ez atsekabetzeko. Lagunek geure burua kanpotik ikusteko aukera ematen digute; haiei esker sentitzen dugu askotan gertatzen zaiguna ez zaigula guri bakarrik gertatzen; haien bitartez entzuten dugu momentuan entzun behar genuen esaldi hori; eta, batez ere, lagunek egia esaten dizute.

Egia esateko daude hor, zure lagunak ez direnak esatera ausartzen ez diren eta askotan deserosoa den egia berdadero hori esateko.

Aste honetan, lagun handi batek Montaigneren esaldi bat bidali dit: “Nire bizitza zorigaitz izugarriz beteta egon da..., eta horietako gehienak ez dira inoiz gertatu”.

Zalantzarik gabe, lagunek beti dakite zer behar duzun une bakoitzean. Zeure lekuan jartzen zaituzte, sagutxoa bezala kutxa baten barruan bueltaka ez amaitzeko, zeure mundua zabaltzeko, begirada desberdinetatik sentitzen duzuna ikusarazteko eta zure obsesioak, beldurrak eta zorigaitz izugarriak barre edo negarrekin desegiteko.

Batez ere ohartarazteko, Montaignek aspaldi egin zuen bezala, zorigaitz eta hondamendi horietako batzuk zeure buruan bakarrik gertatu direla oraingoz.