Paola Schietekat emakume mexikar gaztea 2020ko otsailean joan zen Qatarrera, Munduko Futbol Txapelketaren antolakuntza-batzordeko kide izaki. Iazko ekainaren 6an batzorde bereko gizaseme kolonbiar batek bortxatu egin zuen. Paolak salaketa jarri zuen. Epaiketan bortxatzaileak argudiatu zuen Paola neskalaguna zuela, eta errugabe jo zuten. Emakumeari, ostera, zazpi urteko espetxealdia jarri zioten, eta 100 zigorrada hartzera kondenatu, ezkontzaz kanpoko sexu-harremanak izateagatik.

Human Rights Watch erakundeak jakitera eman duenez, Qatarren emakumeek gizonezko zaindari bat izaten dute, ezkongabe diren bitartean aita, aitona edo neba zaharragoren bat. Haien baimena ezinbestekoa izaten da hainbat gauzatarako; ezkontzeko, esate baterako. Ezkondu ondoren senarra bihur-tzen da zaindari. Haren oniritzirik gabe ezin da ikasi, etxetik kanpo lan egin, gida-baimenik lortu edo bidaiatu. Debekuei jaramonik egiten ez dieten emakumeak “esan txarreko” kontsideratzen dituzte, baita senarrarekin sexu-harremanak izateari ukoegiten diotenak ere. Era berean, Qatarko legediak amei ukatu egiten die seme-alaben zaindari izateko eskubidea. 2020an aireportuan atxiki zuten emakume talde bat, zaindaririk gabe zihoazela eta. 

Qatarren homosexualitatea delitua da; LGTBI mugimenduaren aldeko ostadar koloreko banderak erakustea ere bai. Munduko Futbol Txapelketaren atarian, aholku han eman dute agintariek: “Bertako ohitura eta tradizioekin bereziki begirunetsuak izatea gomendatzen da; publikoki maitasun-adierazpenak saihestu beharrekoak dira, baita senideen artekoak ere.” 

Giza eskubideen urraketa biziki larriak legeak berak bermatzen eta babesten dituen herrialde horretan jokatuko dute aurtengo Munduko Futbol Txapelketa. Nazkagarrikeria mundiala. Zortzi estadio eraiki dituzte 40 kilometroren ingurumarian, mundiala amaitu ondoren erabilpenik izango ez dutenak. Ehunka lagun hil dira lan horietan. Dirua eta ikuskizuna ororen gainetik daude. Madarikatuak.